Noticias anteriores

Kohesio sozialaren bidean Herri Ekimen Legegileari bai

Orain hilabete batzuk, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta ordezkatzen dugun eragile sozio-sindikalek Herri Ekimen Legegilea martxan jarri genuen. Ekimen horren helburua da egun indarrean dagoen babes sozialaren estaldura zabaltzea, handitzea. Konkretuki bi lege aldatu nahi ditugu: Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta (hemendik aurrera DSBE) 18/2008 eta Etxebizitzaren Legea 3/2005.

Datuen arabera gero eta jende gehiagok babesa behar du. Alegia 2008. urtean DSBE jasotzen zutenek 83.023 ziren, populazio osoaren %3,9a. 2016. urtean berriz 134.563 pertsonek jaso zuten prestazioa, populazio osoaren % 6,3. Ikusten den bezala, urte hauetan zehar %62a igo da prestazio hau jasotzen dutenen kopurua.

Tamalez, Eusko Jaurlaritzaren borondate politikoa gutxieneko estaldura eskaintzea da eta horretarako sistema deseraikitzen ari dira azkenengo urte hauetan. Hau da, 2012. urtetik gaur egun arte, %13,5eko murrizketa jasan izan du eskubide horrek. Gainera, Eusko Jaurlaritzaren proposamenaren arabera DSBEn kopuruak 2019rako %30 inguruko murrizketa izanen luke. Norabide horren kontra argi eta garbi azaltzen gara.

HELan agertzen diren horietako aldaketa batzuk aipatzearren: egungo legediak eskubidea eskuratzerako hogeita hiru urteko baldintza ezartzen du; gure proposamenak hemezortzi urte ezartzen ditu; egungo legediak, eskubidea eskuratu ahal izateko, hiru urte erroldatua egotea ezartzen du; gure proposamenak urte betera mugatzen du. Etxebizitzaren Legearen inguruan, etxebizitza eskuratzeko eskubidea kopuru ekonomiko batekin ordezkatua ez izatea eskatzen dugu. Alegia, bai ala bai, etxebizitza eskubidea bermatzea eskatzen dugu.

Proposaturiko aldaketa hauek egikarituko balira gauzak asko aldatuko lirateke, eta orduan bai Eusko Jaurlaritzari hainbeste gustatzen zaion baina aplikatzen ez duen kohesio sozialaz hitz egin genezakeen.

Konkrezio legal hauetaz gain Gobernuak pausuak eman ditzan eskatzen dugu Lan Harreman eta Babes Sozialaren Euskal Esparruaren alde: beharrezkoa baititugu ahalmen horiek eskuratzea gure jendartearen eta produkzio ehunduraren araberako araudiak eraikitzeko.

Gure Ekimen Legegileak 51.000 sinadura lortu ditu; kopuru itzela gure aburuz. 51.000 bai eramanen ditugu Lege Biltzarrera bestelako babes soziala eraikitzeko. 51.000 sinadura bizi baldintzen prekarizazioaren, bazterketa sozialaren eta pobreziaren kontra. 51.000 bai bizitza duinari.

Lege Biltzarrak HEL-ren tramitazioari argi berdea eman bazioen ere, Eusko Jaurlaritzak jada bere kontrako jarrera agertu du. Gainera ezin ahaztu, PNV eta PSEk gure HEL neutralizatzeko asmoz aurkeztutako Lege Proposamena, non DSBEren erreformarako tramitazioa azkartzea duen helburu, inolako adostasun sozial lortu barik eta eduki oso murriztatzaitatzaileekin.

Ondorioz, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak Lege Biltzarrari eskatzen dio 51,000 pertsonek sinaturiko ekimenak eztabaida demokratikoa izan dezan bermatzea eta proposaturiko aldaketei argi berdea ematea, bertan proposaturikoak asko hobetuko bailuke, jende andanaren bizitza.

Gaur Bilbon egindako agerraldiaren argazkia.