Noticias anteriores

Mobilizazioa da pentsio duinak lortzeko biderik eraginkorrena

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen duten eragileetako ordezkariek agerraldi publikoa egin dute maiatzaren 26ean Bizkaiko pentsionista elkarteek deituta Bilbon egingo den manifestazioari atxikimendua emateko. Ekimen honen bozeramaileek argi utzi nahi izan dute den euren jarrera: “mobilizatu beharra dago, hori baita pentsio sistema publiko duin bat lortzeko dagoen biderik eraginkorrena”.

Hiru izan dira Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren izenean hitz egin duten lagunek. Lehendabizi Xabier Isasak zoriondu nahi izan ditu Bizkaiko pentsionisten izenean azken hilabeteetan kalera atera diren lagunak. “Gai hau agenda politikoaren erdigunean dago, eta hau soilik posible izan da kalera atera garelako. Berriki Madrilen EAJk PPrekin lortutako akordioa ezin da ulertu eraman dugun borroka gabe. Baina, zoritxarrez, akordio horren edukiak ez dira nahikoak pentsio sistema duin bat izateko. Mobilizatzen jarraitu beharra dago, eta maiatzaren 26ko hitzordua honen adibide da”.

Ondoren LAB sindikatuko Bea Martxuetak hartu du hitza. Azken urteetan pentsio publikoek jasan dituzten murrizketek eta erreformek helburu jakin batekin lotu ditu: sistemaren pribatizazioa. “Urteak daramatzate pentsio sistema publikoa pribatizatzeko ahaleginean, eta murrizketa eta erreforma ezberdinak horretara bideratuta daude. Honek guztiak pobrezia besterik ekarriko ez zuela aipatu genuen gai honen inguruan antolatu genituen greba orokorretan, eta zoritxarrez bete betean asmatu dugu”.

Alternatibak egon badaudela azpimarratu du, eta egingarriak direla nabarmentzen du. “Soldata duinak, enplegu duinak eta zerga-sistema progresioa. Horiek dira egoera iraultzeko dauden alternatibak. Eta hau guztia lortzeko borrokan jarraituko dugu”.

Azkenik Mikel Noval mintzatu da ELA sindikatutik. Hiru datu aipatu nahi izan ditu mobilizazio hauen garrantzia azpimarratzeko. “Populazioaren kopuru oso handi bat da pentsioduna, %24. Eta pertsona hauek jasotzen duten bataz besteko kopurua oso baxua da: 1.157 EAEn eta 1.070 Nafarroan. Eta, gainera, pentsiorik baxuenak emakumeek jasotzen dituzte. Pentsioena eztabaida politikoa da, ez teknikoa”.

Pentsio sistema duin baten aldeko borroka denon ardura dela gaineratu du. “Ez da bakarrik pentsionistei eragiten dien gaia, guztioi eragiten ditu. Horregatik, orain arte egin izan dugun bezala, 26an kalera aterako gara”.