Albisteak

Eskubide Sozialen aldeko Kartak galdegin die EAEko eta Nafarroako gobernuei onar ditzatela bazterkeriaren eta pobreziaren aurkako HELeko edukiak

Urriaren 17an izaten da Pobrezia Erauzteko Nazioarteko Eguna; aurten ere esan behar dugu EAEko eta Nafarroako gizarte-prestazioen sistema ez dela nahikoa. Eta estatu mailako bizitzeko gutxieneko dirusarrera okerragoa izateak ez ditu haiek hobeak bihurtzen:

– Azken urteetan pobrezia mailak gora egin du. EAEko Pobrezia eta Desberdintasun Sozialen inguruko Inkestaren arabera, 2018an 130.000tik gora pertsona zegoen pobrezian, 2008an baino %46 gehiago alegia.

– Pobrezia arriskuan dagoen jendearen %66,4ak ez du arreta egokirik izaten prestazio sistemaren aldetik. Pobrezian dagoen 3 pertsonetatik bakarra irteten da egoera hortatik gizarte-prestazio sistemari esker.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren lan-ildo nagusietako bat da pobreziaren aurkako borroka. Horregatik egin ditu azken urteetan, besteak beste, honako ekintzak: Urtarrilaren 30eko greba orokorra; DSBEan egindako murrizketak finkatu eta areagotzeko EAJk eta PSEk bultzatu zuten lege-proposamenaren kontrako mobilizazioak, edota pobreziaren eta bazterkeria sozialaren kontrako HEL (Nafarroan tramitera ere ez zuen onartu aurreko gobernuak, eta EAEn Legebiltzarrak, hau 51.000 sinaduraren babesarekin babestuta aurkeztuagatik ere).

Covid-19aren krisiak gabeziak larriagotu egiten ditu eta are premiazkoago egiten du aldaketa beharra, baina ez espainiar Gobernuak nahi duen erakoa.
Premiazkoa eta beharrezkoa da:

– Lanik gabe dauden pertsona guztiei eskubide indibidual gisa aitortzea Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) edo Errenta Bermatua. Kasuotarako errenta bermatua LGS adinakoa izan behar da.

– Eskubide Sozialen Kartak bultzatu zuen pobreziaren eta bazterkeria sozialaren kontrako HELean jasotako edukiak onartzea (DSBEaren zenbatekoari dagokionez, LGSaren %100 bakarrik bizi direnentzat; %50 gehiago pertsona gehigarri bakoitzeko, eta gehienez LGSaren bikoitza).

Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari exijitzen diegu beren lehentasunen artean koka dezatela pobreziaren eta bazterkeria sozialaren kontrako borroka, eta aipatutako erabakiak har ditzatela.

Utzi iruzkin bat