Aurreko albisteak

Aurrekontu burujabe, sozial eta parte-hartzaile batzuen alde bustitzen jarraituko dugu #AurrekontuSozialak

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deituta ehunka lagun elkartu dira Eusko Legebiltzarrak Gasteizen duen egoitzaren aurrean aldaketa sozialaren bidean lagunduko duten aurrekontu burujabe, sozial eta parte-hartzaile batzuk eskatuz. Zoritxarrez, Eusko Jaurlaritzak 2019rako luzatuko dituen aurrekontuak ez dute bide horretan lagunduko.

Baina, salaketaz gain, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren ordezkariek alternatibak egon badaudela azpimarratu nahi izan dute. Zentzu honetan, beteko balira mila lagunen bizi baldintzak hobetuko lituzketen hainbat neurri proposatu dituzte.

1. Aldaketa soziala. Politika publikoak goitik behera aldatzea nahi dugu, behar dugu: aberastasunaren banaketa, kalitatezko enplegua sortzea; politika publikoen oinarri bizitza iraunkorra, askatasunaren eta eskubide kulturalen defentsa izan behar dira.

2. Zerga-erreforma sakona galdegiten dugu; gehiago dutenek gehiago ordain dezatela.

3. Aurrekontuek genero ikusmoldea izatea ezinbestekoa da.

4. Osasun eta Hezkuntzako inbertsio publikoa (BPGarekiko) europar batez besteko mailarekin parekatu.

5. Energiaren produkzio eta merkaturatzean kontrol publikoa ezarri.

6. Gelditu egin behar dira abiadura handiko trena, erraustegiak, gasa erauzteko plantak… Naturaren eta gure osasunaren kalterako proiektuak dira, dirua xahutu eta gure aurrekontuetako poltsa komuna husten dutelarik; eztabaida sozial parte-hartzailea bultzatu.

7. Babes sozialeko sistema publiko, integral, duin eta kalitatezkoa aldarrikatzen dugu; bizitzaren iraunkortasuna izango da nahi dugun jendarte-ereduaren ardatza.

8. Herritar guztiei oinarrizko eskubide sozialak bermatu, inolako diskriminaziorik gabe, eta lehentasuna emanez egoera sozial larrienean daudenei.

9. Azken bururaino eraman beharreko auditoritza egin.

10. Aurrekontu parte-hartzaileak aldarrikatzen ditugu; herritarrek parte hartuko dutela bermatu behar da, politika publikoak diseinatu eta erabakitzerakoan.

11. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoari zor zaie erabaki ekonomikoak hartu eta eredu sozialari buruz ebazteko eskubide subiranoa.

Bestalde, bihar Iruñean Nafarroako aurrekontuen inguruko beste ekitaldi bat egingo da, Parlamentu Sozialarekin batera.