Albisteak

Aurrekontu sozial, parte hartzaile eta burujabeak

Abenduak 13 igandea, eguerdiko 12.00etan, manifestazioak Bilbon, Donostian eta Gasteizen “Ondasuna banatu, zerbitzu publikoak garatu, eskubideak bermatu” lelopean.

Osasun krisiak lehendik zetorren sistemak ez duela funtzionatzen argi eta argi utzi du, estrukturala eta askotarikoa zen krisiak azeleratuz/bizkortuz: zaintza krisia, lan harremanen krisia, garapen ereduaren krisia, babes sozialaren krisia… Horregatik, normalitate berria aldarrikatzen dugu, herritar guztion eskubideak bermatuko dituen eredu berri bat.
Gobernuek osasun krisiari erantzuteko hartzen ari diren neurrien oinarrian, funtzionatzen ez duen sistemaren esentzia dago. Beraz, aurretik genituen gabeziak konpondu ez eta errepikatuko dira, larrialdi testuinguru honetan herritarrak babes gabe utziz.
Bihar, abenduaren 10a, Giza eskubideen nazioarteko eguna izango da eta ESKUBIDE GUZTIAK GUZTIONTZAT aldarrikatu nahi ditugu Euskal Herriko eskubide sozialen Kartatik. Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala eskuetan, EAE eta Nafarroako gobernuei hala nola Espainia zein Frantziakoari bi galdera zehatz egingo dizkiogu:
• bat, uste duzue Giza Eskubideen Nazioarteko Aldarrikapenean jasotakoa betetzen ari zaretela sustatzen dituzuen politika publikoen bidez?
• Bi, zer egingo duzue Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalean jasotakoa betetzeko?
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren konpromisoa da Giza Eskubieen Aldarrikapen Unibertsalean zein Kartan bertan jasotako eskubide zein askatasunak modu eraginkorrean garatzeko lan egitea, proposamenak eginez eta mobilizatuz, guztiontzat eskubide guztiak bermatuko dituen eredu berria eraiki arte.
Herritarron bizitza eta beharrak erdigunean jartzen dituen lehentasunezko 7 aldarrikapen mahai gaineratu ditugu (eranskina). Gure ustez, urgentea da EAE zein Nafarroako aurrekontuek lehentasuna hauek bermatzeko diru partida zehatzak, prozesuak edota errekurtsoak aurreikustea.
Nafarroan mobilizatu gara, onartuko den aurrekontuak ez dituelako jasotzen Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak aldaketa sozialaren norabidean egindako aldarrikapenak. Egoeraren larritasunari erantzuteko urrats sozialik ez, eta ezta urrats horiek ematea ahalbideratuko lukeen erreforma fiskalik ere ez.
EAE-ko Gobernuak abenduaren 17an Parlamentura bidaliko du aurrekontu proiektua eta izango dugu balorazio zehatzak egiteko tartea. Orain arte entzun ditugun adierazpenen arabera, ordea, ez dugu inongo borondaterik atzematen neurri sozialak bermatzeko aurrekontuetan dotazioak handitzeko. Aldiz, iragartzen dutena da, oraindik zehaztuta ez badago ere, 2021eko aurrekontuak 2020koaren oso antzekoak izango direla. Hau da aurrekontu kontinuistak izango direla, ezer gertatu ez balitz bezala. Gure ustez, eta zoritxarrez, aurrekontu hauek ez diote erantzungo herritarrontzat lehentasunezkoak diren beharrei: ez dituzte zerbitzu publikoak garatuko, ez dute babes soziala indartuko, ez dute kalitatezko enplegua bermatuko eta ez dute zaintza sistema publiko baterako urratsik emango .
Bidegurutze baten aurrean gaude. Elite politiko eta patronalaren artean erabakitzen ari dira datozen urteetako aurrekontu eta zerga politiken norabidea. Eta garbi dago egin duten hautua. Etekinak dituzten enpresek zerga gehiago ordaintzeko tarte handia dago, aberastasun hori jendartearen zerbitzura jarriz; borondate politikoa da falta dena.
Beraz, mobilizatzea eta aldaketa sozialaren alde dagoen herritarrei eskaintza zabalak egitea dagokigula uste dugu. Gaurkoan, mobilizatzeko zita hirukoitza egin nahi diogu euskal jendarteari: abenduaren 13an Donostia, Bilbo eta Gasteizen manifestazioak antolatu ditugu aurrekontu sozial, parte hartzaile eta burujabeak eskatzeko.
Abenduak 13an, eguerdiko 12:00tan, manifestazioak antolatu ditugu Donostia, Bilbo eta Gasteizen
• Donostia: Alderdi Ederretik

• Bilbo: Eusko Jaurlaritzatik

• Gasteiz: Andre Mari Zuriaren plazatik

Utzi iruzkin bat