Albisteak

Energia sistema publikoa eta aberastasunaren banaketa aldarrikatu ditu Karta Sozialak

Prezioen igoerak dakarren pobretzearen aurrean, energia publikoa eta aberastasunaren banaketa aldarrikatu ditugu Bilbo, Gasteiz, Donostia eta Iruñeko kaleetan

Ehunka pertsona atera dira kalera gaur Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren manifestazioetan. “Bizitza duinak ez du preziorik” lemarekin, energia publikoa eta aberastasunaren banaketa aldarrikatu dituzte, prezioen igoerak dakarren pobretzearen aurrean.

Aldarrikapen hauek egon dira presente mobilizazioetan:

Langileon eros-ahalmenari eustea:

• Soldatak eta pentsioak defendatu! gutxienez KPI errealaren igoera. • Produktu energetiko guztien prezioak kontrolatu eta mugatu.

Energiarako eskubidea bermatzea:

• Energiarako eskubidea bermatzeko, energia-sektorearen publifikazioa, eta kontrol publiko eta soziala.
• Elektrizitatearen prezioa ezartzeko sistema marginalista aldatu.
• Konpainia elektrikoek jasotzen dituzten ezkutuko bidesariak kendu.

• Trantsizio energetikoa demokratikoki planifikatzeko bideorria.

Zerbitzu publikoen defentsa:

• Zerbitzu publikoen eraispena gelditu.
• Kalitatezko Zaintza Sistema Publiko Unibertsalaren eta Doako Sistemaren bidez, pertsona guztiek bizitza osoan beren zaintza-beharrak beteta izan ahal izateko.
• Osasun-zerbitzu publikoek herritarren beharrei erantzun egokia eta kalitatezkoa emango dietela bermatzea.
• Hezkuntza sistema publikoaren defentsa, hezkuntzara bideratutako aurrekontua Europako batez bestekoarekin parekatuz, besteak beste.
• Unibertsitate publikoko tasen jaitsiera.

Babes sistema hedatu eta sakontzea:

• Kalitatezko etxebizitzarako sarbide unibertsala: eskubide subjektibo erreala bermatu, alokairuaren prezioa mugatu, parke publikoa handitu, etxegabetzeak gelditu eta okupazioa despenalizatu.
• Pentsio sistema publikoa indartu.

• Bermatutako oinarrizko errentan Kartatik egindako HEL-a kontuan hartu.

Aberastasunaren banaketa:

• Zerga erreforma egin. Enpresen mozkinengatik, aberastasunarengatik eta errenta altuengatik ordaindu beharreko zergak nabarmen handitu.
• Zorrari dagokionez, herritarren zorraren auditoria egin behar da.

Burujabetzaren bidean:

• Burujabetzan aurrera egin. Sektore estrategikoak, babes sistema eta lan merkatua arautzeko eskumenak behar ditugu. Ezinbestekoa izango da elikadura burujabetza, burujabetza energetikoa etab. sustatzea.

Prezioen igoera handia jasaten ari gara. Iazko inflazioa ( % 6,5) koiunturala zela esan ziguten. Ez zen egia. Eta orain, urte arteko KPIa % 9,8ra iritsi denean, Putinen eta Ukrainako gerraren errua dela esaten digute. Hori ere ez da egia. Prezioen gorakadaren %70-a Ukraniako guda baino lehen gertatua zen. Bizitzen ari garen Inflazioaren jatorria egiturazkoa da, sistema kapitalistaren berezko espekulazioagatik edo elektrizitatearen prezioak finkatzeko sistemagatik.

Milaka langilek, pentsiodunek edo prestazioak jasotzen dituzten pertsonek, bereziki emakumeek, gazteek eta pertsona migratuek pobreziaren atalasearen azpitik diru-sarrerak dituzte egun. Hala ere, botere ekonomiko eta politikoek pobrezia zabaltzen jarraitu nahi dute, aberastasuna gero eta esku gutxiagotan metatzen eta beraz, biztanleriaren gehiengoa are gehiago txirotzen, langile eta herritarron erosteko ahalmena erasotuz. Hori gutxi balitz, orain, eztabaida zergak jaistean zentratu nahi dute batzuk. Zergarik ezean, nola pentsatzen dute ordaintzea zerbitzu publikoak? Sistema publikoa eraisten ari dira, eta are gehiago murriztea da euren asmoa.

Egoera honi buelta emateko mobilizatu behar dugu. Soldaten, pentsioen eta gizarte-prestazioen erosteko ahalmena defendatu nahi dugu. Bizitza duina bermatzeko, aberastasuna banatu behar da. Langileon bizitza eta planeta erdigunean jartzeko, garapen paradigma berria behar dugu, bidezko trantsizio ekologikoa aldarrikatzen dugu.

Biztanleriaren zati gero eta handiago bat energia-pobrezian murgilduta dagoen honetan, bada
garaia egiturazko neurriak hartzeko, enpresa energetikoak kontrolatzeko. Bada garaia erreforma fiskal progresibo bat onartzeko, krisia kapitalak ordain dezan, eta ez gehiengo sozialak. Bada
garaia zerbitzu publikoak garatzeko, oinarrizko eskubide sozialak bermatzeko, hala nola osasuna, hezkuntza, zaintzak edo etxebizitza. Euskal Herrian lan egin, duintasunez bizi eta erabakitzeko tresnak garatzeko ordua da.

Utzi iruzkin bat