Albisteak

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak 101 mobilizazio iragarri ditu U30ean

Urtarrilaren 30erako Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak ‘Lana, pentsioak, bizitza duina’ lelopean deitutako greba orokorrean izango diren 101 mobilizazio iragarri ditu.
Grebaren atarian, ELAko idazkari nagusia den Mitxel Lakuntzak azpimarratu du badela garaia elkarlanean eta elkarrekin kalera atera eta jende arruntaren aldarrikapenak ozen oihukatzeko. Hain zuzen, “Iñigo Urkullu lehendakariak entzun nahi ez duena esateko unea”, gehitu du Lakuntzak.

Herri honetako gehiengo sindikal eta sozialari bizkarra ematea leporatu dio lehendakariari, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartarekin biltzeko gonbiteari uko egin diola gogoraraziz. “Lehendakariak herri honen zati txiki batekin bakarrik hitz egin nahi du, patronalarekin hain zuzen, eta hori ez da batera sanoa”, erantsi du. Lakuntzaren esanetan, Urkulluk “gezurra esaten du pentsioei eta enpleguari buruz ezer ezin duela egin esaten duenean”.

Urtarrilaren 30ean kalera ateratzeko hamaika arrazoi dagoela berretsi du, beti ere, borroka honek egun horretaz haratago ere ibilbidea izan behar duela azpimarratuz. “Gure borroka ez da hor bukatuko, greba honetatatik indarberrituta aterako gara”, baieztatu du.

Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak, bere aldetik, urtarrilaren 30ekoa “indar erakustaldi oso garrantzitsu bat” izango dela esan du, eta urtarrilaren 31tik aurrera “borrokan jarraituko dugu lan, pentsio eta bizitza duinen alde, eraldaketa soziala eta aldaketa politikoa ekarriko dituen prozesu baten alde”, adierazi du.

LABeko idazkari nagusiaren hitzetan, “ostegunekoa greba egun bat baino askoz gehiago izango da. Hain zuzen ere, azken urtean baldintzak sortu ditugu grebarako jauzia emateko, mobilizazio sozial maila handi batekin. Greba Orokorrean borroka hauek guztiek bat egingo dute. Langile klasearen batasunaren isla izango da osteguneko Greba Orokorra”.

LABeko idazkari nagusiaren esanetan, “indarra dugu greba egiteko arrazoiak balioan jartzeko, eta proposamenak baditugu. Gasteiz eta Iruñeko Gobernuei zuzendu gatzaizkiei, baita Confebask eta CEN patronalei. Hauek guztiak Elkarrizketa Sozialaren defendatzaile sutsuak dira, baina, hori bai, edukirik gabeko Elkarrizketa Sozial bat defendatzen dute; denbora pasatzeko Elkarrizketa Sozial bat; patronalaren politikak legitimatzeko Elkarrizketa Soziala, non sindikatu batzuek uko egiten dioten borrokari”.

Ehundik gora mobilizazio
Agerraldian ostegunean izango diren mobilizazioen berri ere eman dugu. Eguerdian mobilizazio nagusiak izango dira hiriburu eta zenbait eskualdetan. Arratsaldean, berriz, herrietan egingo ditugu protestak. Hemen, zerrenda.

Utzi iruzkin bat