Albisteak

LAN, PENTSIO ETA BIZITZA DUINA! Gure etorkizuna erabakitzeko gaitasuna izan behar dugu

Euskal Herriko Pentsionsiten Mugimenduak datorren maiatzaren 29an pentsio sistema publikoaren eta pentsio duinen aldeko mobilizazioak deitu ditu. Hiru urtetan zehar mobilizatu ondoren, kezkaz ikusten dute Toledoko itunean lehenik eta ondoren Kongresuan bozkatu ostean eta pentsio sistema publikoa erabat bideragarria dela erakutsi arren, erreforma zentzugabeen aldeko apustua egiten dela pentsioak txikitu eta murrizketa berriei ateak irekiz.

EHko Eskubide Sozialen Karta osatzen dugun eragile sindikal, feminista, gazte eta ikasle talde, arrazismoaren aurkako eta aniztasunaren aldeko taldeak eta ekologistok, uste dugu indarrak batzeko garaia dela pertsonek izan beharko lituzketen eskubideen defentsan, kapitalaren interesak lehenesten dituen sistema honek etengabe erasotzen dituelako.

Pentsioak ez dira inolaz ere pentsiodunen afera esklusiboa. Gizarte Segurantzak oinarri duen banaketa-sistemak, lan-merkatuan aktibo daudenak hartzen ditu barnean, gazteak edo adinekoak izan. Oraingo langileak egungo pentsioei eusten diegun modu berean, gu ere etorkizuneko pentsiodunak izango gara. Zoritxarrez, gero eta langile gehiago, bereziki emakumeak eta gazteak, prekarietatea, aldi baterako eta lanaldi partzialeko kontratuak eta soldata gero eta baxuagoak eskaintzen dizkigun lan-merkatura kondenatuta gaude; hori, lanpostu bat izatea lortzen badugu.

Zaintza lan aunitz oraindik ez daude aitortuta; beraz, lan horiek gehienbat egiten dituzten emakumeak bi aldiz zigortzen dituzte pentsioak eskuratzeko orduan, eta, aldi berean, milaka pertsona ezkutuko merkatuan lan egitera kondenatzen dituzte, orain eta etorkizuneko eskubideak ukatuz horrela.

Egoera horren aurrean, Eskubide Sozialen Kartak pentsio-sistema publikoa bermatzeko hainbat neurri defendatzen ditu pentsiodunen mugimenduarekin batera. Kotizazioak handitzeko mekanismoak ezarri behar dira, hala nola gutxieneko soldata 1.200 eurotan igotzea, soldata handienen kotizazio-mugak ezabatzea eta zerga-politika aldatzea, progresiboagoa izan dadin eta, horrela, diru gehiago bil dadin.

Gazteek eta egoera irregularrean dauden pertsonek lan egiteko aukera dutela bermatu behar dugu , eta, horretarako, zerbitzu publikoetan lanpostu berriak sortzeaz gain, erretiro-adina 60 urtekoa izan behar da, eta asteko edo eguneroko lanaldia murriztu behar da, soldatei eutsita.

Gainera, pentsio-sistema publiko bat bermatzeko, eredua eraldatu behar da, eta hori sistema propio bat badugu bakarrik izango da posible.

Amaitzeko, gure etorkizunari buruzko erabaki garrantzitsuak hartzeko gaitasuna izan behar dugula aldarrikatu nahi dugu, eta, horretarako, besteak beste, lan-arloko legeak egin ahal izatea. Bistakoa da lan baldintzak zenbat eta okerragoak izan, orduan eta zailagoa dela pentsioa jasotzea, eta, are gehiago, aukeratzen dugun pentsioa duina izatea.

Horregatik guztiagatik, gure egiten ditugu pentsiodunen mugimenduaren aldarrikapenak, eta dei egiten diegu herritar guztiei Maiatzaren 29an Pentsiodunen Mugimenduak deitutako mobilizazioan parte hartzera.

Utzi iruzkin bat