Albisteak

Nafarroako eragile sindikal eta sozialek bat egiten dute greba orokorrarekin

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen duten eragileek agerraldia egin dute gaur Iruñean datorren urtarrilaren 30an eginen den greba orokorrari atxikimendua adierazteko. Datorren asteartean, abenduak 17, ekitaldi bat eginen dute Iruñean aurrekontu sozial batzuk eskatzeko.

Eskubide Sozialen Kartak greba orokorrari begira osatutako aldarrikapen taulan bildu dituen eskaera nagusiak berretsi ditu: aberastasuna modu justuan banatzea, pentsioen sistema publikoa defendatzea, eta eskubide sozialak bermatzea, hau da, greba orokorraren leloak berak dioen bezala, lan, pentsio eta bizitza duinak bermatzea.

Hori dela eta, Karta osatzen duten ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek eta mugimendu sozialek (besteak beste, SOS Arrazakeria, AHT Gelditu, Karabana Mugak Zabalduz, Ikasle Mugimendua, Sustrai eraikuntza, Bilgune Feminista eta Ernai), mobilizaziorako deia egin dute.

Eskubide Sozialen Kartak urtarrilaren 30erako greba orokorrerako aldarrikapenak aurkeztu ditu:

2011 eta 2013ko erreformetan onetsitako pentsio-murrizketak indargabetzea:

Erretiroa 65 urterekin.

Erretiro Aurreratua 61 urterekin, 30 urte kotizatuta izanez gero. Koefiziente murriztaileak arintzea.

Erretiroa hartu ahal izateko adina jaisteko aukera zabaltzea sektore berrietara, bereziki nekagarriak eta arriskutsuak diren sektoreetara, adibidez, garraio-sektorea.

Pentsioa kalkulatzeko 15 urte hartzea kontuan.

Pentsioen eros-ahalmena bermatzea (gutxienez KPIaren pareko igoera).

Pentsioen jasangarritasun-faktorea kentzea.

Beste neurri batzuk pentsioei buruz:

1.080 euroko gutxieneko pentsioa.

Pentsio sistemaren finantzazioa bermatzea, kotizazio sozialen eta zergen bidez.

Lanaldi partzialeko kontratuetan kotizazioak zenbatzerakoan zigorrik ez aplikatzea. Lan egindako egun bakoitzeko, kotizatutako egun bat.

Zapateroren eta Raxoiren lan-erreformak bertan behera uztea:

Hitzarmen kolektiboetan ultraktibitate mugagabea.

Herrialdeko hitzarmenen aplikazioa lehenestea estatu mailako hitzarmenen gainetik.

Beheko esparruko hitzarmen batek goragoko esparruko beste baten baldintzak okertzeko aukerarik ez izatea.

Lan-eskubideetan egindako murrizketak atzera botatzea.

Beste neurri batzuk enpleguari eta pentsioei buruz:

Gizon eta emakumeen arteko soldata-arrakala eta pentsio-arrakala amaitzea.

Hileko 1.200 euroko gutxieneko soldata.

Enplegu egonkorra sustatzea eta kontratazioan ematen den iruzurra zigortzea.

Lanaldia 35 ordura jaistea, soldata gutxitu barik.

Bereziki emakumeei ezartzen zaizkien lanaldi partzial inposatuak ezabatzea.

Azpikontratatutako enpleguan subrogaziorako eskubidea bermatzea.

Zerbitzu publikoak garatzea, ezarritako murrizketak atzera botatzearekin batera.

Kontratazioan sexuaren, jatorriaren, ideologiaren, sexu-identitatearen, aniztasun funtzionalaren edo ekonomia-jardueraren araberako diskriminaziorik egingo ez dela bermatzea.

Kontratazioan prekarizazio-formula oro kentzea (etxeko langileen erregimen berezia, autonomo faltsuak, uberizazioa…)

Klausula sozialak ezartzea administrazioko azpikontratetan.

Lanera bizirik itzultzeko eskubidea. Lan Ikuskaritzako plantillak handitzea, Europar Batasunekoekin parekatu arte, eta lan-istripuen eta laneko gaixotasunen aurkako ekintza plan zorrotz bat ezartzea.

Etxeko lanak eta zaintza lanak duintzea eta gainerako enpleguetan dauden eskubide berberak aitortzea.

Eskubide sozialen bermea:

Menpekotasun egoeran dauden pertsona guztiei laguntza-zerbitzu publiko, unibertsal eta doakoa legez bermatzea.

Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta eta Errenta Bermatua %100ean parekatzea Lanbide Arteko Gutxieneko Soldatarekin, eta azken hori %50 igotzea bi pertsonak osatutako ohiko unitateetan, eta beste %50 igotzea 3 pertsona edo gehiagoko unitateetan.

Alokairu sozialeko etxebizitza bat eskuratzeko eskubidea legez bermatzea, EHko Eskubide Sozialen Kartaren Herri Ekimen Legegileak ezarritako baldintzetan.

Lan-harremanetarako eta babes-sozialerako esparru propioa:

Euskal Herriko langileek eskubidea izatea pentsio sistema publikoa eta pentsio duinak bermatzeko modurik onena erabakitzeko.

Lan-harremanetarako gure eredu propioa eta negoziazio kolektiboko marko propioa erabakitzeko eskubidea, kanpoko esku-hartzerik gabe.

EAEko eta Nafarroako instituzioei dei egiten diegu euren erantzukizunak onartu eta bide horretan aurrera egiteko neurriak har ditzaten, gisa honetako ekimenekin:

  1. Gutxieneko pentsioa legez 1.080euro arte osatzea, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren aurrekontuen bidez.

  2. Enplegu publikoari dagokionean (zuzenekoa nahiz azpikontratatua): 1.200euroko gutxieneko soldata 35 orduko gehienezko lanaldia ezartzea; gutxienez herrialdeko hitzarmen sektoriala aplikatzen dela bermatzea, baita beste klausula sozial batzuk ere

  3. Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren inguruan eta etxebizitza eskubidearen alde Eskubide Sozialen Kartak sustatutako Herri Ekimen Legegilea onartzea

  4. Lan arloan ematen den soldata arrakalaren, diskriminazioaren eta indarkeria matxistaren aurkako Lege bat onartzea.

Halaber, EAEko eta Nafarroako patronalei eskatzen diegu lan-baldintzak prekarizatzeari utzi eta idatzi honetan jasotako aldarrikapen laboralei erantzuteko.

Hori guztia lortzeko, urtarrilaren 30ean Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako kaleak betetzera deitu dute.