Albisteak

#ZaldibarArgitu Erantzukizunak argitzeko, herri akusazioa!

Zaldibar Argitu plataformak eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak prentsaurreko bat eskeini dute gaur Durangoko Epaitegietan Zaldibar kasuan Herri Akusazio bezala aurkeztuko direla iragartzeko.

Zortzi hilabete luze dira jada zabortegia geure herrien gainera amildu zenetik, Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze azpian harrapatuz. Orain arte, lurpean zeuden bi pertsonak aurkitzeko lanetan jarraitzeko, herritarron osasuna bermatzeko eta erantzukizun politiko guztiak argitzeko kalean egon gara, mobilizazio ezberdinen bidez gure haserrea eta aldarrikapenak erakutsi nahirik.

Gaur, Zaldibar Argitu herri plataformak eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak agerraldi bateratua egitea adostu dugu, kalean erakutsitako kezka eta indarra epaitegietara eramateko garaia baita. Oraindik orain, bai enpresaren jabeak eta bai zabortegiaren gaineko kudeaketa negargarrian ardura zuzena duten erakunde publikoak eskuak garbitu nahian dabiltza. Uste dugu, herri konpromisoagatik eta gertaeraren larritasunagatik, herritarron ahotsa epaiketan presente egon behar dela, interes orokorraren alde egingo duen begirada batetik.

Arrazoi horiek medio, herri akusazio modura aurkeztuko gara Zaldibarko zabortegiaren auziaren gainean egingo den epaiketara; katastrofe humano, ekologiko eta sozial honen aurrean erantzukizun zehatzak argitzea eta gertatu denaren gaineko informazio gardena izatea ezinbestekoa da halakorik berriro gerta ez dadin. Langileek, herritarrok eta ingurugiroak guztion kontura negozioa egiten duten talde klientelarrik gabeko herria merezi dugu, ez diezaiegun utzi lehengo modu berean jokatzera itzultzen, ezer gertatu izan ez balitz bezala eskuak garbitzen.

Epaiketak izango dituen gastuei aurre egiteko, diru-bilketa kanpaina bat jarriko dugu martxan, guztion ekarpena izango da ongietorria, bakoitzak ahal duen neurrian eta moduan. Herritarrok prozesu guzti honetan ahots propioa izatea oso garrantzitsua izango da.

Era berean, Joaquin Beltranek oraindik aurkitu gabe jarraitzen du. Urriaren 8an, zortzigarren hilabatearen harira, mobilizazio bateratua antolatuko dugu bere bizileku eta herrian, Zallan. Bertan parte hartzera animatzen ditugu herritarrak, nahikoa dela esateko eta bertatik lehenbaitlehen atera dezatela eskatzeko.

Erantzukizunak argitu!

Utzi iruzkin bat