Albisteak

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren eragileak elkarlanean greba orokorra bultzatzeko prest

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen duten eragileek Barakaldoko BECen bildu dira gaur datozen urteetako erronka berriak finkatzeko eta urtarrilaren 30an eginen den greba orokorrari bultzada bat emateko.

Topaketen adierazpena (Eus-Cas)

Egun bizi dugun eredu ekonomiko eta sozial sostengaezina dela gero eta agerikoagoa da. Gobernuek Europatik datozen politika neoliberalak bere egiten dituzte, aberastasunaren banaketa gero eta bidegabeagoaren bidez edota kapitalaren zerbitzura dauden politika skalen bidez, besteak beste. Lan munduan prekarietatea egiturazkoa da eta sakontzen ari da 2010 eta 2012ko negoziazio kolektibo eta lan erreformaren bidez: langabezia, behin-behinekotasuna, lanaldi partzialak, eros-ahalmenaren galera, soldata arrakala, azpikontratazioa, uberizazioa… Pentsio publikoetan ere etengabe murrizketak egin dira 2011 eta 2013ko pentsio erreformen bidez, pentsio berrien murrizketak, eroste- ahalmenaren galera edota erretiro adinaren atzeratzea ekarriz. Gainera, bizitzaren sostengagarritasuna bera ere arriskuan jartzen ari dira, egitura kolektibo eta publikoak prekarizatuz eta babes sozialerako sistema eraitsiz: osasuna, prestazio sozialak, etxebizitza, zaintza…

Kartaren prozesua
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta Euskal Herrian aldaketa sozialaren alde gauden eragile sindikal eta sozial ezberdinak batzeko helburuarekin sortu zen. Geroztik borraka esparru berriak sortu edo indartu dira, bereziki aipagarriak direlarik mugimendu feministaren eta pentsiodunen mugimenduen garapena, baina baita ere ekonomia sozial eradaltzailearen hedapena, borroka ekologistaren suspertzea, borroka sindikalen indartzea eta zabalpena eremu berrietara… Hala, aldaketa sozialaren alde ekiteko beharra eta aukera mahagainean dauzkagu eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak tresna bat izaten jarraitu nahi du, aldaketa sozialaren aldeko eragile eta mugimendu ezberdinen aterki. Testuinguru honetan, tresna eraginkor bat bihurtzeko erronka jarri diogu gure buruari, gure ateak ireki eta gure burua birpentsatzekoa. Gaurko topaketak bide horretan mugarri bat bezala ulertzen ditugu.

Greba Orokorra zergatik eta zertarako: LAN, PENTSIO eta BIZI DUINAK


Horrekin batera, urtarrilaren 30ean Greba Orokorra deitu dugu Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartatik. Lan munduaren egiturazko prekarietatearen aurrean, pentsioen murrizketaren aurrean eta bizitzaren sostengagarritasuna arriskuan jartzen duten neurrien aurrean, mezu argi bat daukagu: Lan, pentsio eta bizi duinak! Pentsiodunen mugimenduaren deiari erantzunez deitu dugu Greba Orokorra. Bi urtez kalean egon eta gero, jauzi kualitatibo bat emateko beharra planteatu du mugimenduak, borroka horren alde beste kolektibo batzuk batzera deituz.

Borroka eta aldarrikapen horiek gure egiten ditugu, eta, gainera, Greba Orokorraren bidez bestelako aldarrikapenak ere ekarri nahi ditugu mahai gainera, Aldarrikapen Taulan jaso dugun bezala. Lan baldintzak duintzeko neurriak eskatzen ditugu: lanaldia 35 ordura jaistea, 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzea, soldata-arrakala amaitzea nahiz azpikontratazioetan enplegua eta lan baldintzak bermatzea. Egun ukatuak zaizkigun eskubide sozialak aitortzea eskatzen dugu: etxebizitza eskubide bat izateko neurri eraginkorrak hartzea, menpekotasun egoera guztiei erantzun egokia ematea zerbitzu sozialen sistema publiko, unibertsal eta doakoaren bidez… bizitza erdigunean jartzeko zaintza lanak ikusarazi, aitortu, bermatu eta duintzea eskatzen dugu.

Garaia da azken urteetan murrizketekin kendu diguten guztia berreskuratzeko eta aldaketa sozialaren norabidean aurrera urratsak emateko. Pentsio, lan-baldintza eta bizitza duinak nahi ditugu, eta horregatik borrokan jarraituko dugu planeta suntsitzen ari den sistema ekonomiko eta sozial kapitalista, neoliberal eta patriarkal honen aurka. Bide honetan batera ekiteko tenorea dugu, bat eginik: langileak eta mugimendu sindikala, pentsiodunak, mugimendu feminista, gazteak, ikasleak, mugimendu ekologista, eskubide sozialen aldeko eragileak, arrazakeriaren aurkakoak, bestelako eredu bat eraikitzeko alternatibak garatzen ari garenak… denok batera antolatu gaitezen lantokietan eta eskualdez eskualde greba komiteetan, eta mobilizatu gaitezen urtarrilaren 30eko Greba Orokorrean!

Lan, pentsio eta bizi duinak!