Lanuztea oso nabarmena izan da Hego Euskal Herrian, batez ere Gipuzkoan eta Bizkaiko zein Arabako eta Nafarroako eskualde batzuetan
Mobilizazio masiboak izan dira, eta 140.000 eta 145.000 lagunen artean bildu dira manifestazio guztietan (Bilbon 50.000, Donostia 35.000, Gasteiz 25.000, Iruñea 20.000 gehi Eibar, Bergara, Arrasate, Tutera, Tafalla eta Lizarra)
Urtarrilaren 30eko grebak eragin handia izan du Euskal Herri guztian zehar. Industrian jarraipena oso handia zelarik, goiz erdian ikusi da Hezkuntza eta gainerako zerbitzu publikoek, baita merkataritzaren zati handi batek ere, “lan, pentsio eta bizitza duina” eskatzeko grebarekin bat egin dutela.
Datu hauekin batera Hego Euskal Herri osoko enpresa industrial esanguratsuen zerrenda atxikitzen dugu, enpresaz enpresa grebak izan duen jarraipenarekin.
Datu hauek aztertuta ikus dezakegu enpresa gehienetan greba esanguratsua izan dela, gutxienik %30etik gorakoa. Bereziki azpimarratu behar dugu greba egiteko erabakia modu kolektiboan bozketa bidez hartu den enpresa ia guztietan grebaren aldeko hautua egin dutela, eta bozketa horietan aldeko eta aurkako botoen arteko ezberdintasuna oso nabarmena izan dela. Adibide bat ematearren, CAFen grebaren aldeko 1.100 boto izan ziren eta aurkako 130.
Horrez gain, kooperatiba industrial askotan ere grebak erabateko jarraipena izan du, hala nola, Eika, Orkli, Irizar, Cikautxo edo Ulma Packaging-en. Horrez gain, Olatukoopen parte-hartzea ere azpimarratu behar dugu, talde moduan grebaren alde azaldu baitira.
ETEetan ere grebak oso jarraipen handia izan du. Lanaren prekarizazioak enpresa txikietan duen eragina oso nabaria izan da eta honek gaurko grebak enpresa hauetan jarraipen zabala izatea ekarri du.
Laburbilduz, industriako enpresetan egindako azterketak erakutsi du greba honek industriako langileen babesa izan duela eta jarraipen orokortua izan duela.
EAEko SEKTORE PUBLIKOAK
Nahiz eta modu orokortuan gure herriko sektore publikoko behin-behinekotasuna %35etik gorakoa izan eta ezarritako gehiegizko zerbitzu minimoak grebaren eskubidea guztiz baldintzatzen duten, esan dezakegu zerbitzu publikoetako langileen artean jarraipen zabala izan duela Gutun Sozialak deitutako grebak.
HEZKUNTZA
HEZKUNTZA PUBLIKOA
Hezkuntza publikoan lanuzteak ikastetxeen %80an baino gehiagotan izan du eragina. Jarraipena orokorrean %60tik gora izan dela esan dezakegu; azpimarratzekoa da Gipuzkoan %75etik gorakoa izan dela.
Sukalde eta garbiketa sektorean jarraipena oso zabala izan da eta sukalde asko itxita egon dira.
Haurreskoletako jarraipena %85ekoa izan da, eta zentru gehienetan soilik gutxieneko zerbitzuetan zeuden langileak lan egin dute.
Unibertsitatean ere grebak babes zabala izan du. Bizkaiko eta Arabako kanpusean jarduera %10ekoa izan da, eta Gipuzkoan %5ekoa.
ITUNDUTAKO IKASTETXEAK
Itundutako ikastetxeetan lanuzteak ikastetxeen %70an eragina izan du (gehiengo sindikalak deitutako greba deialdirik arrakastatsuena izan delarik ); ikastola gehienek ateak itxi dituzte, eta gainerako zentruetan jarraipena garrantzitsua izan da, lurralde eta eskualdeka desberdina izanik.
OSASUNGINTZA
OSAKIDETZA
Azpimarratu behar dugu, beste behin ere, zerbitzu minimoen bitartez Osakidetzako milaka langileri greba eskubidea ukatu egin zaiola. Adibide bezala, Barrualde-Galdakao ESIan (Galdakao Ospitalea dago bertan), gaueko txandan dabiltzan 151 langiletik soilik 1ek egin ahal izan du greba, gutxieneko zerbitzurako izendatua izan ez den bakarra delako.
Hala ere, aztertuz gero azken urteetan euskal gehiengo sindikalak bakarrik deitutako grebak, ezbairik gabe, jarraipen zabalena izan duen greba izan da gaurkoa.
Lehen arretan jarraipena oso zabala izan da, honetan Osakidetzako langilegoak eta bereziki lehen arretakoak bizi duten egoera larriak eragindako emaitza izanik. Bereziki Gipuzkoan hainbat anbulategi txiki itxi egin dira -zerbitzu minimoak ez dituzten esparru bakarrak izanik-, eta beste askotan hainbat zerbitzu itxita egon dira.
Ospitaleetan jarraipena txikiagoa izan da, gutxieneko zerbitzuek guztiz baldintzatzen baitute langileen greba eskubidea. Hala eta guztiz ere, azpimarratu behar dugu, greba eskubidea egiteko aukera izan dutenak kontutan hartzen baditugu, grebaren jarraipena zabala izan dela.
Beste behin ere, Osakidetzari eskatzen diogu jarraipenari buruzko datu errealak eman ditzala zenbatzeko oinarritzat greba egitea duten langileak kontutan hartuz, eta ez plantilla osoa, orain egin duen bezala (adibide bat).
OSASUNGINTZA PRIBATUA
Beste aldetik osasungintza pribatuan zentru txikiak ez dute greba eskubiderik, eta handienetan bezala grebak guztiz baldintzatu du bere egunerokoa IMQ, Hospital Quiron eta Asunción klinikan.
UDALAK
Grebaren jarraipena zabala izan da EAEko hiru lurraldeetan, batik bat Gipuzkoan, non ia udal guztiek oso modu orokortuan bat egin duten grebarekin, bai zuzenean kontratatutako langileak, baita azpikontratatutako langileak ere.
Bizkaiari dagokionez aipagarria da Bilboko udaleko jarraipena %70tik gorakoa izan dela eta eskualde batzuetako lan uzte oso orokortua izan da Busturialdea, Durangaldea eta Arratian. Beste eskualdeetan jarraipena txikiagoa izan da; aipagarria izan da Getxoko udalaren jarraipena, %60tik gorakoa.
Arabari dagokionez, jarraipena orokortua izan da; aipatzekoak dira Amurrio, Laudio, Agurain eta Legutioko udaletako jarraipen zabala.
GIZARTE ONGIZATE ZERBITZUAK
Puntu honetan salatu beharra daukagu beste behin ere Eusko Jaurlaritzak zahar-etxeetarako ezarri dituen gutxieneko zerbitzuak zenbait kasutan handiagoak direla gobernuak berak agindutako arreta-ratioa baino. Paradoxa honen ondorioz egoitza gehienetan langile batek ere ezin du greba egin gaueko txandan, ez eta otorduetan ere. Gainera, etxebizitza komunitarioetan, non oso langile gutxi dagoen, greba eskubidea gauzatzea izatez ia ezinezkoa da. Esaterako, etxez-etxeko laguntza zerbitzuan greba eskubidea ezin zaio bermatu langileen %95ari, zerbitzu honen erabiltzaile ia guztiak 2. eta 3. mailako mendekotasun egoeran baitaude (kasu hauetarako gutxieneko zerbitzuak %100ekoak dira).
Zahar egoitzetan grebak jarraipen oso zabala izan du: greba egiteko eskubidea benetan bermatua zeukaten langileen %90etik gorak grebarekin bat egin du; Gipuzkoan jarraipena are handiagoa izan da, lurralde honetan 200dik gora egun baitaramate greban sektore hitzarmenaren negoziazioa medio. Nabarmentzekoa da, besteak beste, Beasaingo Arangoiti egoitza, grebaren deitzaileek han gehiengorik izan ez arren; gutxieneko zerbitzuetan ez zeuden langile guztiek egin dute greba.
Bizkaian, grebak eragin handia izan du sektorean present diren patronalentzat; zuzeneko zein azpikontratatutako beharginek egin dute greba. Igurco Gestión taldearen eguneko zentroen %90 gutxieneko zerbitzuei esker zabaldu dira; Gesca taldean jarraipena %70etik gorakoa da. Zahar-etxeetan, Lares taldeak egoitzarik handienak (Aspaldiko, Misericordia…) ireki ditu gutxieneko zerbitzuak zeudelako. Domusvi Riberan, Bilboko zahar-etxerik handienetakoa, jarraipena %90ekoa da. Gesca taldeko Vitalitas-Sarriko egoitza ere zerbitzu minimoekin ari da lanean.
Araban grebak jarraipen oso handia izan du, sektorean inoiz izan den zabalena; azpimarratzekoak dira honako taldeetan izan den lanuztea: Sar Quavitae, Caser, Care Armonea.
Etxez-etxeko laguntza sektorean jarraipena oso zabala izan da, batik bat Gipuzkoan eta Bizkaian; lurralde honetan sektore-hitzarmenaren aldeko mobilizazioak hasi zirenetik 40 greba egun egin dituzte langileek. Esan bezala, ordea, grebaren jarraipenari asko eragiten diote gutxieneko zerbitzuek.
Bizkaiko gizarte-eskuhartze enpresa nagusietan (zaurgarritasun bereziko adin txikikoak, desgaitasun egoeran dauden pertsonak, etab.) jarraipena handia da; Gorabiden eta Aspacen greba egin zezaketen langileen %60tik gora kalera irten da. Urgatzi Menores taldean, berriz, greban %90 dago. Bestalde, Getxoko akuarioaren itxiera patronalaren aurkako grebak gaur 60 egun bete ditu.
Gipuzkoan jarraipena oso handia da; nabarmentzekoak, Aspace, Gautena eta Atzegi, %60tik gorako jarraipenarekin.
ENPLEGU ZENTRO BEREZIAK
Milaka langilek bat egin dute grebarekin, aipatzekoa da Lantegi Batuak Bizkaian, non %60tik gora langilek grebarekin bat egin duten (sektorearen arabera) eta Gipuzkoako Gureak, %70ko jarraipenarekin.
ADMINISTRAZIO OROKORRA ETA JUSTIZIA:
Administrazio orokorrean eta Justiziako esparruan jarraipena zabala izan du grebak; kasu batzutan soilik gutxieneko zerbitzuetan diharduten langileek egin dute lan.
GARRAIO PUBLIKOAK
Bidaiarien garraioetako sektorean lanuztea zabala izan da. Trenbideetako bidaiarien garraioan, Euskotren eta Metron zerbitzu minimoak bakarrik aritu dira. Errepidezko bidaiarien garraioan jarraipena txikiagoa izan da; aipatzekoa da Gipuzkoan Pesa-Arrasate, Araban Tuvisa eta Bizkaian Kbus eta BLB greba eskubidea zuten guztiek grebarekin bat egin dutela.
KOMUNIKABIDEAK
EITB taldean grebak jarraipena zabala izan du; horren adibide, Euskal Telebista, Radio Euskadi, Euskadi Irratia eta Radio Vitorian gutxieneko zerbitzuak markautakoa emititu dela, informatiboak.
Gara, Berria, Deia, Hamaika Telebista, Argia aldizkaria, eskualdeetako Hitzak eta Tele7 greban egon gara.
ZERBITZU PRIBATUAK
Zerbitzu pribatuetan grebaren jarraipena %70etik gorakoa izan da eskola jantokietan, eta eragina are handiagoa lortu du sektoreko eremurik prekarioenetan.
Kale garbitzaileen artean lanuztea ia erabatekoa izan da Gipuzkoan, eta handia Araban zein Bizkaian.
Eraikin eta lokalen garbitasunean, berriz, lanuztea administrazioak azpikontratatuta duen eremuan gehiengoaren babesa izan du, batik bat Hezkuntza sailak azpikontratatutako zentroetan: ikastetxe eta EHU. Baita herrietako udaletxeetan, auzitegietako azpikontratetan, Bizkaia plazan, Gran Vía 85… IMQren azpikontratetako langileek ere grebaren jarraipen orokorra egin dute, baita eremu pribatuko beste lantoki batzuetan, esaterako Irizar taldean.
Herri-administrazioetako beste azpikontrata batzutan, esaterako kirol kudeaketa eta lorazaintza, gehiengoak grebarekin bat egin du.
Merkataritzan, elikagai banaketako enpresetan, greba egunak jarraipen handia izan du Eroski zentroetan (supermerkatu, hipermerkatu eta gasolindegiak), Lidl, Dia eta BM dendetan; hauetako asko itxita egon dira. Bestalde, talde handietako dendak ere, hala nola Inditex, Grupo Cortefiel, Medical Optica, H y M, itxita egon dira gaur. Denda txikietan eta ostalaritzan grebaren jarraipena oso handia izan da, herri zein hiriburuetan.
Lanuzteak beste eremu batzutan ere eragina izan du: bulego eta despatxuak, telemarketing enpresak, Euskaltelen azpikontratak, anbulantziak, etab.
Bilboko eta Pasaiako Portuetan greba deialdiak jarraipen oso handia izan du
NAFARROA
Nafarroako iparraldean lanuztea ia erabatekoa izan dela, Baztanen eta Bortzirietan enpresa garrantzitsuenak itxita daude: Arcelor, Zalain, Funvera eta Savera, adibidez. Sakanan ere lanuztea orokorra da, eta ia erabateko lanuzteak egin dituzte Magotteaux, Cementos Portland, Atabo eta Wisco enpresetan, besteak beste. Leitzan inguruko enpresarik handiena itxi dute, Lecta (lehen Sarriopapel zena).
Iruñerrian, grebak sektore guztietan eragina izan du, bai industrian, Kybse, Kayaba, TRW, Faurecia, Lácteos Navarra, Uscal, TID edo Kone Elevadores enpresetan, zerbitzuen sektorean eta administrazio publikoan, bereziki Hezkuntzan eta Toki Administrazioan, Iruña, Zizur Nagusia, Burlata, Atarrabia, Altsasu, Lesaka eta Leitzako udaletan.
Erriberan eta Tafalla inguruan lanuzte partzialak daude enpresa garrantzitsu askotan, eta hainbat sektoretako ETEak ere itxita daude.
Bestetik, grebalarien aurkako errepresioa neurriz kanpokoa izan dela ozen salatu behar dugu. Durangaldea eta Iruñerrian, esaterako, ehunka grebalari izan dira identifikatuak. Gasteizko pikete feministak karga gogorrak jasan ditu poliziaren aldetik… Basauriko Greba Batzordeko bi kideren aurkako jazarpena salatu nahi dugu, lehen orduan polizia atean zain zuten kotxea erregistratu, mehatxuak eta kolpeak jaso dituzte. Horrez gain, hamar lagun atxilotuak izan dira.
Batasunaren greba izanda. Borroka ezberdinen batura eman da, konfluentzia, eta deialdia guztiz transbertsala izan da langile kolektibo ezberdinen artean emaniko batera-jotzeagatik: bakoitza bere aldarrietan indarra eginez, borroka beraren parte izan gara pentsionistak, mugimendu feminista, gazteak, ikasle mugimendua, bazterketa sozialaren aurkako hainbeste eragile, borroka ugaritan murgilduta dauden langileak,
Gaurko deialdiarekin argi geratu da, kontrako mezua helarazi nahi digutenen aurrean, herri honetan badagoela gehiengo sozial bat lan, pentsio, bizitza duin bat nahi duena eta horretarako mobilizatzeko, kaleak hartzeko prest. Ziurtasun osoa dugu, gehiengo sozial artikulatu eta mobilizatu hau dela, aldaketa soziala posible egingo duena, eta argi dugu gaur jarri dugula horretarako oinarri sendoa herri burujabetzaren bidetik aurrera egiteko.