Aurreko albisteak

Guk ere argi daukagu, Errekaleor bizirik!

Maiatzak 18. Goizean goizeko albisteak kolpe batez esnatu gintuen: Gasteizen dagoen Errekaleor auzoko bizilagunei argia mozteko agindua eman zuen PNVk gidatutako udal gobernuak.

Auzo okupatua da Errekaleor. Hainbat ikaslek etxebizitzaren espekulazioak sortutako arazoari irtenbidea emateko alternatiba gisa hasi zena egun 150 auzokide dituen errealitatea da. Autogestioa oinarri, beste mundu baten aldeko borrokan gabiltzanontzako eredu bat gehiago da Errekaleor, esan bakarrik ez, izan ere badelako bere horretan bihotzean daramagun mundu berri horren argi printza.

Eta argi hori itzali nahi izan du Gorka Urtaran alkate jeltzaleak. Iberdrola eta ertzaintza bidelagun eta “segurtasuna”-ren izenean auzokideak haien etxeetatik bota dituzte, auzoa argi gabe utziz eta auzokideak atxilotu eta kolpatuz.

Lerro hauetatik gure elkartasuna helarazi nahi diogu Errekaleor Bizirik proiektuari eta berau osatzen duten pertsonei, eta ekainaren 3an arratsaldeko 17:30tan Gasteizko Andra Mari Zuriaren enparantzatik abiatuko den manifestazio internazionalean parte hartzeko deia ere egiten dugu.

Bizitza burujabea eskubide osoz, errekaleor bizirik!
2017ko maiatzaren 24a

*OH: proeiktua hobeto ezagutzeko: www.errekaleorbizirik.org