Albisteak

Karta Sozialak herritarrak animatzen ditu ahal duten leku eta une guztietan eskubide sozialak aldarrika ditzaten

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak ekintza sinboliko bat egin du gaur Iruñean. Hainbat pertsonak beren gurditxoetan edo erosketa-poltsetan aldarrikapen sozialak zituzten kartelak jarri dituzte, produktu ekologikoen kooperatiba batean erosketak egiteko ilaran zeuden bitartean.

Ez-ohiko neurri eta konfinamenduan hilabete bat baino gehiago daramagun honetan, Karta Sozialetik kezkaturik ikusten dugu pertsona eta eragile sozial eta sindikalen salaketak ugaritu direla oinarrizko eskubide urraketak direla-eta: prebentzio-neurri egokirik gabe lan egitea, familia osoak etxebizitza desegokietan konfinaturik egotea, erakundeek haintzat hartu gabeko haurtzaroa, diru-sarrera ekonomikorik eza, elikatzeko eta gizarte-laguntzak jasotzeko zailtasunak, okupazio eta presio poliziala kaleetan, profil etnikoaren araberako identifikazioak, isun bidegabeak…

Gainera, osasun-krisiaren aitzakiapean sistema krisi sozial eta ekonomiko bihurtzeko eta ziur aski gure oinarrizko eskubideak erasotzeko oldarkorki berrantolatzen ari dela kezkaz ikusten ari gara.

Baina hau, arrisku-uneaz baino haratago doa. Herriak antolaketa sozial, ekonomiko eta politikorako planteamendu alternatiboak nahi ditu, argi geratu baita pandemia honetako arazo larriei aurre egiteko berme bakarra sistema publikoak indartzea dela. Bankuak, enpresak eta gobernuak herritar gehienen aldeko aldaketak saihesteko ahaleginetan ari dira.

Horregatik gure burua defendatu eta herritar guztiei bizitza duina bermatuko dien estrategia ezartzeko herritarron ekimenak aktibatzea premiazkoa da, pertsona zaurgarrienentzako bereziki. Bizitza erdiguneann jarri nahi dugu.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta lan, pentsio eta bizitza duinak defendatzeko greba batetik dator, eta bide horretatik lanean dihardugu. Nafarroako mugimendu sozial eta sindikal ugarik egunak daramatzagu elkarrekin lanean, bakoitzaren arazoen aurrean lagundu eta arazo horiei nola aurre egin aztertuz. Prozesu honetan ondorio argi batera iritsi gara: konfinamendu egoerak gizartearengan sortzen duen nagikeria eta beldurra kentzea beharrezkoa dela eta, aldarrikapen amankomunen inguruan ORAIN aktibatzea premiazkoa da.

Guztiok, une honetan dugun egoera edozein dela ere, aldarrikapen-dinamika amankomun batean ekarpenak egin ditzakegu: konfinatuta egon, ez egon, lanean ari garen edo ez. Beharrezko segurtasun-neurriak errespetatuz, noski, herritar guztiak ekimen honetan parte hartzera gonbidatzen ditugu: etxean, lanean, erosketetan, zainketetan… ez gara isilduko!

Karta Sozialak herritarrak animatu nahi ditu gure kartelak inprimatzera, edo beraienak sortzera, kezkatzen dituen aldarrikapen sozial batekin, eta ahal duten toki eta une guztietan erakuts dezaten. Era berean, gonbit egiten diegu bideo labur bat edo argazki bat egitera eta nafarroakokartasoziala@gmail.com helbidera bidaltzera.

Etorkizuna gaurdanik eraikitzen ari gara. Guztion artean lan, pentsio eta bizitza duinak bermatzeko olatu herrikoia sor dezagun!

Utzi iruzkin bat