Albisteak

Zaldibar argitu! Ekainaren 15ean Durangoko epaitegietan elkarretaratzea

Ekainaren 15ean Verter Recycling enpresako arduradunek deklaratuko dute Durangoko epaitegian, ingurumenaren kontrako delituak aztertzen dituen auzian. 2020ko otsailaren 6ko hondamendiak baditu arduradunak. Hasieratik geratu zen argi ez zela ezbehar bat izan, eragindako desastrea baizik, enpresariek eta haien jarduna ikuskatzeko ardura zuten Eusko Jaurlaritzakoek eragindakoa, hain zuzen. Batzuen eta besteen ardura maila zehaztea dagokio irekita dagoen auzibideari, eta ahaleginduko gara arduradun guztiengana iritsi dadin.

Luze doa instrukzioa, luzeegi. Hondamenditik hiru urte eta lau hilabetera Eusko Jaurlaritzako inork ez du deklaratu epailearen aurrean. Gutxien-gutxienez, harrigarria. Hainbeste denbora eta gero, Eusko Jaurlaritzako inor epaitegitik igaro ez izanak berak, lausotu egiten du haien erantzukizuna hondamendian, zuritu egiten du, bigarren edo hirugarren mailakoa balitz bezala.

Oraingoan enpresarien txanda da. Horien erantzukizunaz ez du inork zalantza egiten. Onartu zuten zuhurtziagabekeriazko homizidio bi egin zituztela. Ekidin zuten ahozko bista publikoa eta kartzela zigorra, eta horrekin igorri zen mezuak zioen enpresariak lasai ibil daitezkeela legez kanpo, ez dagoela diruak konpondu ezin duenik. Abian den auzian bestelako ondorioak espero ditugu. Horretan dihardugu.

Gogora ekarri nahi dugu, baita ere, Eusko Jaurlaritzaren arabera Joaquin Beltran eta Alberto Sololuzeren gorpuen erreskate lanek 28,6 milioi euroko kostua izan zutela, eta Verterreko enpresariei dagokiela hori ordaintzea. Zabortegiaren lurrak eskaintzea ordainketa moduan, Verterrek egin duen bezala, iraingarria iruditzen zaigu. Ez da gutxiagorako Eusko Jaurlaritzaren mende dagoen Sprilurrek txosten bat enkargatu izana zabortegiaren gainean industriagune bat eraikitzeko bideragarritasuna aztertzeko. Ziurrenik, bideragarria balitz, ontzat emango lukete Verterren proposamena, hau da, lur horiekin ordaintzea erreskate lanen 28,6 milioiak. Zorionez, txosten horrek dio ezinezkoa dela han horrelakorik egitea, eta hori arrazoi zerrenda luze batean oinarrituta. Sprilurren jokabidea ezagututa, honako galdera hau da edonori burura datorkion lehenengo gauza: zabortegiaren gainean industria poligono bat eraikitzeko aukera aztertzerakoan, ez ziren ohartu Joaquin Beltranek han segitzen duela lurperatuta, Eusko Jaurlaritza bera ez zelako gauza izan haren gorpua berreskuratzeko?

Amaitzeko, dei egiten diegu herritarrei ekainaren 15ean, osteguna, 11:30ean Durangoko Epaitegien aurrean egingo dugun elkarretaratzera batzeko.

Utzi iruzkin bat