Noticias anteriores

Bertso saio historikoa haurrentzat Getarian

Abenduaren 27an, Getariako liburutegian, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak eta Gazte Asanbladak antolatuta haurrentzako bertso saio historikoa egingo dugu.

Beñat Gaztelumendi eta Alaia Martin izango dira bertsotan eta Uxue Alberdik egingo ditu gai-jartzaile lanak. Bidaia bat proposatuko zaie entzuleei: historiaurretik hasi eta gaur egun artekoa. Bidaia hori erdiz izango da literarioa eta aurrez prestatua (Uxue Alberdiren eskutik) eta erdiz inprobisatua, bertsolariek Uxuek proposaturiko egoeretan kokatu beharko baitute euren burua. Zenbait bertsoalditan, historiako hainbat garaitan barrena ibiliko dira bertsolariak, eta haiekin batera baita bertaratzen diren entzuleak ere, saioak parte-hartzailea izatea baitu helburu.

Haurrentzat propio prestaturiko saioa izan arren, edozein bertsozalek gozatzeko modukoa izango da.  Bertso-saioaren aurretik «Lur eta Amets. Euskal Herriaren historia» proiektuaren aurkezpen labur bat egingo da.

Iaz argitara eman zen «Lur eta Amets. Euskal Herriaren historia» proiektua, helburutzat haurrei Euskal Herriaren historia ezagutaraztea duena. Hainbat lan eta euskarri biltzen ditu proiektuak: ezagutza liburua, historian kokaturiko fikziozko ipuinak, mahai-jokoa, web orria…

 

Bertso saio historikoa haurrentzat. Getaria