Aurreko albisteak

AURREKONTU SOZIAL, PARTE HARTZAILE ETA BURUJABEEN ALDE MOBILIZATU GARA

Gaur, martxoaren 17an, Gasteizen bildu gara Lakuako Gobernuak aurkeztutako aurrekontuen aurkakotasuna adierazi eta aldaketa sozialaren beharra aldarrikatzeko. Ekitaldia egin dugu Mendizorrotzan, eta ondoren manifestazioa egin dugu Gasteizeko Legebiltzarrerarte.

Goizeko 10:30ean eman diogu hasiera egunari Mendizorrotzan egindako ekitaldiarekin. Lehen hitza Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako koordinadora nazionalaren izenean Iratik eta Endikak hartu dute. Aurkeztutako aurrekontuen inguruko kritika izan da nagusitu den ideia nagusia.

Formari dagokionez, inolako eztabaida edota parte hartze sozialik gabe proposaturiko aurrekontuak direla salatu dute eta edukiari dagokionez berriz, aurrekontu neoliberaltzat hartu dituzte; Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako patronal eta alderdi kontserbadoreen interesei erantzunez eginak direlako.

Elkarlana ere azpimarratu nahi izan da Koordinadora Nazionalaren hitzartzean. Balioa eman nahi izan diote anitzen arteko elkar ekintzari, eta ekitaldia bera adibidetzat jo dute. Lehen hitzartzea eta gero, Mugimendu feministaren izenean Belen Nevadok hartu du hitza, zapalkuntza patriarkalei topeak jarri eta generoaren araberako botere harremanak deuseztatzeko aurrekontu feministen beharra azpimarratuz. ATH-ko Loreak jarraitu du, babes sozialerako sistema publiko, integral duin eta kalitatekoa aldarrikatuz eta egungo ereduaren porrota azalduz. Apirilaren batean “eskubide sozialen defentsan murrizketarik ez!” Bilbon egingo dugun manifestazioan parte hartzeko deia ere egin du.

Gazte ikuspegia ez da falta izan ekitaldian. Gazteriak lan munduarekin duen lehen harremanaren nolakotasunean murgildu da Mikel Urdangarin: adibide gisa, enpresariei Lanbide Heziketako ikasleak debalde kontratatzeko diru laguntzak ematen dizkieten bitartean, haiek enpresako langileen lan bera baina soldatarik gabe egitera behartzen dituztela salatu du.

Garoña, fracking, errauskailua, gas putzuak, AHT… bezalako mega-proiektuen beharrizanaz hausnartu dugu ere Iñigo Leza Berriztuko kidearen eskutik. Gutxi batzuen poltsikoak bete eta gure osasuna eta natura bera arriskuan jartzen dituzten proiektuak gelditu, eztabaida soziala sustatu eta bertan inbertitu nahi den dirua behar sozialei erantzuteko erabili dezagun exijitu dugu.

Azken bi hitzartzeak ELA eta LAB sindikatuetako idazkari nagusiek egin dute. Txiki Muñozek eta Ainhoa Etxaidek bat egin dute aurrekontu hauek langileon interesen aurka daudela baieztatzerakoan. Etxaidek kata soziala balioan jarri du, Confebask-en aurrekontuen aurrean gehiengo sozial eta sindikalaren alternatiba gisa. ELA-ren idazkariak bere aldetik, politika fiskala aldatzea exijitu du, gehien duenak gehiago ordain dezan.

Ekitaldia osoa Trokolo Teatroko Rakel eta Isabelek gidatu dute, hitzartze bakoitzaren ondoren laburpena eginez eta hainbat barre algara ere sortuz. Umorerik gabeko iraultza, gorringorik gabeko arrautza omen dela diote batzuek.

Amaitzeko, manifestazioa egin dugu Legebiltzarreraino eta datozen egunotako hitzorduak gogora ekarriz amaitu dugu, bihar larunbata Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaran Asanblada Orokorra eta Apirilaren 1ean arratsaldeko 17:30ean Bilbotik abiatuko den manifestazioa besteak beste.

Sare sozialetan egunaren jarraipena egiteko #aurrekontusozialak traola erabili da.