Albisteak

Erantzukizun politikoak argitzea eta azken ondorioetaraino iristea ezinbestekoa da Zaldibarren

2020ko otsailaren 6an Zaldibarko Verter Recycling-en zabortegia hondoratu eta Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran desagertu ziren zabor artean. 6 hilabete eta 10 egun desagertuta eman ondoren, Alberto Sololuzeren gorpuzkiak aurkitu zituzten. Zoritxarrez, 15 hilabete eta 8 egun ondoren, Jaurlaritzak, Joaquin Beltranen gorpuzkiak aurkitu gabe, bilaketa etetea erabaki du. Bistan da afera hau gainetik kendu nahi dutela, erantzukizunak saihestuz eta Verter Recycling errudun bakar gisa aurkeztuz iritzi publikoaren aurrean.

Eta non dago Iñigo Urkullu lehendakaria? Zaldibarko hondamendia izan eta ondorengo egunetan desagertuta egon zen bezala, oraingoan ere ez du aurpegia eman. Bilaketa lanak bukatutzat eman dira, baina afera hau ez da hor amaitzen. Izan ere, erantzukizun politikoak argitzea eta azken ondorioetaraino iristea ezinbestekoak dira, egia ezagutu dadin, justizia egin eta berriro gerta ez dadin bermeak ziurtatzeko.

Zabortegiaren kudeaketa, luizia gertatu zen momentuan eta hondamendiaren aurretik zein ondoren ere, salatu izan dugu Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartatik, eta berau osatzen dugun gehiengo sindikaletik eta eragile sozialetatik.

Verter Recycling enpresak erantzukizun zuzena du hildako langileen gainean. Zaldibarren urteetan zehar agerikoa izan da kontrol falta. Eta Eusko Jaurlaritzak eta Ingurumen Sailak, ez zuten ezer egin.

Baina urteetan zehar Zaldibarko zabortegian egon den jarduera klientelar, opako, ez jasangarri eta arriskutsuaren aurrean, erantzukizuna ezin da eremu pribatura mugatu, eremu publikoak gertatzen ari zenaren gaineko erantzukizun politikoa izan duelako. Arduradun horiek izen abizenak eta ardura politikoak dituzte. Azken egun hauetan epaitegietara bidalitako txostenen arabera, Zaldibarreko zabortegia 2016tik arrisku larrian zegoen eta urte hauetan guztietan ez dira beharrezkoak neurketak eta kontrolak egin. Iñigo Urkulluk zuzenduriko Eusko Jaurlaritzak eta Iñaki Arriola sailburuak ardura politiko zuzena dute Zaldibarren gertatukoaren inguruan. Are gehiago, kontuan hartzen badugu enpresaren eta hainbat kargu politikoren artean dagoen harreman zuzena. Administrazio publikoaren subkontratazio politikak langileongan ondorio zuzenak ditu, hondamendi honetan ikusi den bezala.

Erantzule nagusien artean, patronala ere badago zalantzarik gabe. Izan ere, indarrean dagoen legeria ez baitu betetzen. Hondakinen kudeaketa pribatizatu eta kontrol publikorik ez edukitzeak, egungo hondakinen kudeaketa eredua negozio bilakatu du eta patronalak horretan ere aurkitu du mozkina langile klasearen zein naturaren bizkar. Egoera tragiko horren aurrean, patronala ez salatzeak, Administrazio publikoa bera konplize bilakatu du, egoera aldatzeko beharrezkoak diren zaintza, kontrol zein babes neurriak ez baititu hartzen, langileon bizitza zein osasuna bermatzeko edota hondakinen kudeaketa eredu iraunkor baterako trantsizioa egiteko.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartatik, eta berau osatzen dugun gehiengo sindikaletik eta eragile sozialetatik, hau guztia salatzeaz gain, babes eta elkartasun osoa adierazi nahi diogu Joaquin Beltranen familiari. Eta larunbat honetan Zallan arratsaldeko 6etan egingo den manifestaziora dei egiten dugu.

Utzi iruzkin bat