Noticias anteriores

Arrasateko eragileek babesa eman diote Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartari

Aquí tenéis la noticia de Mondraberri:

Herriko eragileek babesa eman diote Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartari
Datorren zapatuan Bilbon eta Iruñean “Aldaketa soziala orain! Tenemos alternativas!” lemapean egingo den manifestaziora joateko deia egin dute. Hego Euskal Herriko instituzioei egungo politikak aldatzeko, eta gizarte eredu alternatibo baterako atxikimendua eskatu diete.

595 (id: 1128492)

 

Testua: Mikel Arregi Askasibar / Argazkia: MAA / 2015eko martxoaren 10a, martizena

Egun bizi dugun egoera sozio-ekonomikoa iraultzeko asmoz jaio den Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta Arrasatera iritsi da. Gaur aurkeztu dute Kulturaten egin den prentsaurrekoan, eta bertan, honi atxikimendua eman dioten Arrasateko 12 eragileetako kideak izan dira. Han izan dira LAB, ELA, Stee-Eilas eta ESK sindikatuetako kideak; Elkarhezitzen edo AMS-Mundu Solidarioa Helburu moduko gobernuz kanpoko erakundeetakoa; edo Ernai, Askapena, AGAKO, Duintasuna pentsiodunen plataformako edo Ordainduko lagunak.

Guzti hauen eta gutunari babesa eman dioten gainontzeko herritarren izenean Xabi Llodiok hitz egin du. LABeko ordezkariak azaldu duenez, 100 erakunde sozial eta sindikal, eta herritar ugari bildu dituen Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta jendartean ezagutzera eman nahi da orain. “Egun dugun egoera salatu eta bizitzaren jasangarritasuna aldarrikatu nahi ditugu” esan du Llodiok. Dokumentu hau “Euskal Herrian gizarte eredu alternatibo baterako abiapuntu” izan nahi duela adierazi du, bere helburua “egungo eredua apurtzea” dela argudiatuz. Hau horrela, EHGS-k “erabakitzeko eskubide osoa, arlo guztiei eragingo diena” aldarrikatzen duela esan du Xabi Llodiok. Bide honetan, Hego Euskal Herriko instituzioak interpelatu gura izan dituzte gaur arratsaldez.  “Prekarietatea, pobrezia eta desoreka sozialak areagotzen doazen neurrian; gobernuak ez dira egoera iraultzeko ezer egiten ari” salatu dute.

Hau horrela, datorren zapatuan, hilaren 14an Bilbon eta Iruñean Aldaketa soziala orain! Tenemos alternativas! goiburuarekin egin behar diren manifestaziotara joateko deia zabaldu dute. Bertara joateko gainera autobusak jarri dituzte Arrasatetik. Bi autobus jarri dituzte, bat ELA sindikatuak antolatutakoa eta arratsaldeko 15.50tan Garibaitik irtengo dena. Hau debalde izango da, eta izena eman nahi duenak ELAren egoitzan egin ahal izango du. Bestetik, Jai-Zale eta Irati tabernatan izena eman ahal izango da 15.30tan Garibaitik irtengo den beste autobuserako.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren webgunera sartzeko kilikatu hemen