Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak maiatzaren 13rako deitutako mobilizazioarekin eta 22 eta 25 bitarte egingo duen martxarekin bat egiten du Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak.
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak gutxieneko pentsioan 1.080 € orain bermatzeko egiten duen borroka nekaezinean bidelagun gara Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen dugun eragile eta sindikatuak. 1.400 euroko Lanbidearteko Gutxieneko Soldata eta 1.260 euroko gutxieneko pentsiora bidean, hainbatetan egin dugu bat Pentsiodunen Mugimenduaren deialdiekin, eta oraingoan ere hala egiten dugu.
Pentsio publiko eta duinak ezinbestekoak dira bizi-baldintza duinak izateko. Une honetan, pentsioen erreforma izapidetzen ari dira Lege-Proiektu gisa. Eskubide Sozialen Kartarentzat ez da erreforma ona. Ez dugu bat egiten komunikabide nagusiek eta erreforma onartu duten (PSOE, UP, ERC eta EAJ) edota abstenitu diren (EH Bildu) alderdi politikoek zabaldu dute mezu baikorregiarekin. Ez da egia erreforma honetan ez dagoela murrizketarik.
Ez ditu 2011ko erreformaren murrizketak lehengoratzen hala nola erretiro-adinaren atzerapena. Zenbait alderditan gainera okerrera egiten du, pentsioak zenbatzeko urteetan adibidez (2011ko erreformarekin 15etik 25era igaro baitziren, eta orain 25etik 29ra -bi txarrenak kenduta-). AIRef bezalako agentzia neoliberal bati pentsioen sistema baloratzeko ematen zaion ahalmenak murrizketa berriak irekitzen dizkio eta genero-arrakala betikotu egiten da. Kartaren parte garenok argi daukagu; erreforma honek murrizketak betikotu eta, murrizketa berriak ezartzen ditu eta murrizketa berriei ateak irekitzen dizkio.
Gutxieneko pentsioetan hobekuntzak baditu ere, ez dira nahikoa. Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak aldarrikatzen duen 1080tako gutxieneko pentsiotik urrun geratzen gara. Era berean, esan behar da Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak uko egiten diotela gutxieneko pentsioak 1.080 euroraino osatzea orain ahalbidetzen duten neurriak hartzeari.
Horrela, EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemosi eskatzen diegu Euskal Herriko gehiengo sindikal eta sozialaren aldarrikapenak aintzat hartu eta, tramitatzen ari den erreforman, pentsioetan murrizketak ekarriko dituzten neurriak ez babesteko konpromisoa har dezaten, baita azken erreformetan eta 2011-n egondako murrizketak lehengoratzeko presioa egitea. Horrekin batera, pentsioen gaineko erabakiak Euskal Herrian hartzeko eta Euskal Herrian pentsio duinak bermatzeko urrats sendoak bultzatzea eskatzen diegu. 1.260 euroko gutxieneko pentsiora bidean, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatzen diegu lehentasunez eta berehala euskal pentsiodun guztiei 1.080 euroko gutxieneko pentsioa bermatzea, pentsioak osagarritzeko dituzten aukerak baliatuz.
Guztiontzat bizi baldintza duinak bermatzeko beharrezkoak dira soldata, pentsio eta zerbitzu publiko duinak, horregatik eskatzen dugu: 1.400 euroko gutxieneko soldata, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa orain eta 1.260 eurotara arte handitzea, soldata eta pentsioetan dagoen genero arrakalarekin amaitzeko neurri eraginkorrak, zaintza lanak aitortzeko eta banatzeko politikak zehaztea, prestazio sozial nahikoak bermatzea eta denok ongi bizitzeko ezinbestekoak diren zerbitzu publikoen indartzea eta hedatzea. Azkenik, azpimarra berezia jarri nahi dugu Euskal Herrian lan eta bizi garen heinean, hemen erabaki nahi dugula, baita pentsio sistemari buruz ere.
Horregatik, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen dugunok gure atxikimendua adierazten dugu eta Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak maiatzaren 13an Iruñean, Donostian, Gasteizen eta Bilbon egingo dituen mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dugu. Halaber, maiatzaren 22tik 25era Gasteizera egingo den martxa babestu eta parte hartzeko deia egiten dizuegu. Maiatzaren 25eko mobilizazioan 10:45etan Gasteizko Plaza Berrian martxei harrera egin eta azken tartea elkarrekin egiteko deialdia egiten dugu Kartatik.