Albisteak

Nafarroako Parlamentuaren aurrean krisi honetatik ateratzeko herritarren parte hartzea aldarrikatu dugu

Gaur “Nafarroa Suspertu” Planari lotuta egiten ziren bilkura parlamentarioak zirela eta, Nafarroako Parlamentuaren atarian elkarretaratze bat egin du Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak. Ekimen honen bidez benetako prozesu parte hartzaile bat aldarrikatu dugu, krisi ekonomikoari, sozialari, klimatikoari eta politikoari aurre egiteko plana zehazterakoan, hainbat arlotako gizarte-eragileen ahotsa entzun eta kontuan hartua izan dadila.

Gure ustez, hartzen diren erabakiek nafar guztien bizitza baldintzatuko dute, are gehiago pertsona zaurgarrienen kasuan, horregatik da berebizikoa guztion artean hartuak izatea, eta eragile sozial eta sindikalen ahotsa kontuan hartua izatea.

Horrekin batera, datorren ostiralean, hilak 19, egingo dugun mobilizazio-jardunaldirako deia egin nahi izan dugu. Mobilizazio horiek Iruñean egingo dira goizez eta Nafarroako gainerako eskualdeetan arratsaldez, “PUBLIKOA, FUNTSEZKOA ZAINDU, ABERASTASUNA BANATU – LEHENIK BIZITZA” lemapean mobilizatuko garelarik.

Utzi iruzkin bat