Albisteak

Soldata, pentsio eta zerbitzu publiko duinak! Murrizketak lehengoratu! Gutxieneko pentsioa 1.260!

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak bat egiten du Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak martxoaren 18rako deitzen duen mobilizazioarekin.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua itxialdi-baraualdia burutzen ari da Bilbon 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eskatzeko eta Nafarroako eta EAEko gobernuei pentsioak kopuru horretaraino osagarritzea eskatzeko. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak ekimen honi babesa adierazi nahi dio, eta parte hartzera dei egiten du, bereziki martxoaren 18an, 12:00etan Bilbon burutuko den mobilizazioan.

2022ko azaroaren 19an Euskal Herriko Pentsiodunen mugimenduak eta Eskubide Sozialen Kartak bat egin genuen Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako kaleetan. “Lan, pentsio eta zerbitzu publiko duinak. Ante el empobrecimiento reparto de la riqueza” izan zen erabilitako leloa, eta egun aldarrikapen horretan berresten gara. Espainiako, EAEko eta Nafarroako gobernuak hartzen ari diren neurriak epe laburrekoak eta urriak dira, egiturazkoak diren eta sakontzen ari diren pobretze prozesuei aurre egin beharrean.

Hala ikusten ari gara Espainiako gobernuak aurkeztu duen pentsio erreformarekin. Oraindik proposamen zehatza ezagutu gabe esan dezakegu, hobekuntzaren bat proposatzen bada ere, guztiz ez nahikoa dela pentsio duinak bermatzeko helburuari begira, besteak beste: ez dira 2011 eta 2013ko pentsio erreformen eragin negatiboak atzera botatzen – hala nola erretiro adina atzeratzea – , pentsioak kalkulatzeko tartea are gehiago luzatzea proposatzen du, 25 urtetik 29 urtera, horrek dakartzan murrizketekin, erreformak ez du konponduko pentsioetan dagoen %28ko arrakala eta gutxieneko pentsioari dagokion planteaturiko igoerak gutiz ez nahikoak dira. Azken honengatik hain zuzen ere bat egiten dugu Euskal Herriko Pentsiodunen mugimenduak 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta EAE eta Nafarroako gobernuei berehala kopuru honetaraino osagarritzeko eskatzeko antolatu duten ekimenarekin. Era berean, pentsioetan murrizketa guztiak lehengoratu daitezen eskatzen dugu.

Guztiontzat bizi baldintza duinak bermatzeko beharrezkoak dira soldata, pentsio eta zerbitzu publiko duinak, horregatik eskatzen dugu: gutxienez 1.400 euroko soldata, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa orain eta 1.260 eurotara arte handitzea, soldata eta pentsioetan dagoen genero arrakalarekin amaitzeko neurri eraginkorrak, zaintza lanak aitortzeko eta banatzeko politikak zehaztea, prestazio sozial nahikoak bermatzea eta denok ongi bizitzeko ezinbestekoak diren zerbitzu publikoen indartzea eta hedatzea. Azkenik, azpimarra berezia jarri nahi dugu Euskal Herrian lan eta bizi garen heinean, hemen erabaki nahi dugula, baita pentsio sistemari buruz ere.

Hala, dei egiten diegu herritar guztiei larunbat honetako mobilizazioarekin bat egin dezaten. Soldata, pentsio eta zerbitzu publiko duinak orain!

Utzi iruzkin bat