Albisteak

[Eraldaketa Sozialerako dekalogoa] 10. Burujabetza aldaketa sozialerako. Autoritarismoa eta faxismoaren aurka

Koronabirusa eta sistemaren krisiaren aurrean, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta-k bizitza duinen aldeko hainbat neurri aldarrikatzen ditu, benetako eraldaketa sozial bat bultzatzeko. Karta-k eraldaketa sozialerako dekalogo bat proposatzen du. 10. puntuan burujabetza aldarrikatzen dugu aldaketa soziala bultzatzeko, eta autoritarismoari eta faxismoari aurre egitea proposatzen dugu:

Koronabisuraren pandemiak sorturiko alarma egoera baliatzen ari dira espainiar zein frantziar gobernuak estatuaren birzentralizazioan sakontzeko, horretarako beharrezkoak dituzten neurri guztiak hartuz. Testuinguru honetan, ordea, uste dugu burujabetza aldarrikatzea inoiz baino beharrezkoagoa dela. Burujabetza politikoa eta materiala behar ditugu, horretarako bizitza sustengatzen dituzten tresna publiko eta komunitarioak herritarren kontrolpean eta erabakitzeko eskubidearen baitan egon behar dira.
Beldurra zilegia da, baina baita aliatu arriskutsua ere. Naturarekiko eta pertsonekiko interdependentzia inoiz baino agerikoagoa den une honetan, ez dezagun utzi logika neoliberalari bide berriak urratzen. Neoliberalismoaren indibidualizazio prozesuari aurre egin behar diogu, elkarrekin, herritar sektore zabalenen antolaketa kolektiborako tresnak lehenetsiz, krisi multidimentsionalari aurre egiteko.
Kapitalaren logika argia da: negozio eremu berriak esploratu eta krisia etekinak handitzeko erabili, langile eta herri sektoreon prekarizio eta esplotazio egoera areagotuz. Demokrazia ekonomikoan oinarrituriko enpresa eta ekonomia eredu berria behar dugu, egoerari herri gisa erantzun ahal izateko.
Inoiz baino beharrezkoagoa da hazkunde etengabearen logikari muga jartzea: badugu aukera ohitura berriei heldu, zaintza lanak balioan jarriz, komunitarioa eta kolektiboa izango den ereduari bide emateko borrokari heltzea. Naturaren ustiapenari mugak jarri, zerbitzu publikoen garapenan sakondu eta gure burua gobernatzeko beharrezkoa dugun burujabetza prozesuri indarrez ekiteko unea da. Eredu berri baten alde indarrak biltzen eta artikulatzen jarraitzeko unea da!

Utzi iruzkin bat