Albisteak

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak trantsizio ekosozialari nola aurre egin eztabaiatzeko “Su txikien itxasoa” topaketa aurkeztu da Iruñean

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak topaketa bat egingo du irailaren 30ean Ozaetan (Araba) , besteak beste, krisi ekologikoari, pobretzeari eta eskubide sozialen galerari nola heldu eztabaidatzeko. Topaketa GaraiON Sorgingunean izango da. Helburua aliantzak sortzea da, “bidegabea eta bideraezina” den sistema baten alternatiba bat eraikitzeko, “bizitzak jokoan jartzen dituen sistemari iraultzeko”. Karta osatzen duten eragileak galdera honi erantzuten saiatuko dira: Nola helduko diogu premiazkoa den trantsizio ekosozialari?

Asko gara egun Euskal Herrian borrokan gabiltzanak, krisi ekologikoari, pobretzeari, eskubide sozialen galerari… aurre egiteko, eta feminismotik, ekologismotik, langileen eskubideak eta bizi baldintzak erdigunean jarriz, serbitzu publikoen defentsan, gerraren aurka eginez, bizitza bizigarrien alde eta abar luze bat. Su txiki horiek aldaketa sozialerako itsaso bihurtzea dugu xede, horretarako ditugun adostasunei eta zoru komunari buruz aritu eta elkarrekin egin nahi dugunaz eztabaidatzea beharrezkoa da.

Izan ere gizarte mugimendu ezberdinok lanean ari gara, eremuz eremu, baditugu proposamenak eta badugu zer esana. Ekimen honen helburua guztion arteko harremanak estutzea, sinergiak sortzea eta partekatzen ditugun zoru komun eta erronken inguruan aritzea da. Euskal Herriko eragile sozial eta sindikalen zein herri mugimenduen arteko topaketa-jardunaldia izango da “Su Txikien Itsasoa”.

Egun osoko topaketa izango da irailaren 30ekoa, 10:00etan hasi eta arratsaldeko 18:00etan bukatuko dena. Trantsizio ekosozialerako edukiez eta aliantzen beharraz hausnartuz ekingo diogu egunari. Goizean, sustatu nahi dugun trantsiziorako funtsezkoak iruditzen zaizkigun ardatzei buruz eztabaidatuko dugu goizean, hala nola, planeta bizigarria guztiontzat, nola ekarri bizitzak erdigunera, lanen eta ondasunaren banaketa, burujabetzak, pertsona guztiak eskubide guztien jabe izatea, trantsizio demokratikoa eta sozialki justua edota gerrari ez-a. Ondoren arratsaldean elkarrekin egin ahal eta nahi dugunaz aritzeko. Eremu ezberdinetako borroken berri izateko tailerrak ere izango ditugu.

Ekimen honetan izena eman eta bertaratzera gonbidatu nahi ditugu eragile sozial, sindikal eta herri mugimendu ezberdinak eta hauen parte diren kideak. Eskubide Sozialen Kartako sare sozialetan zabaldutako linkaren bidez egin daiteke, eta bazkaltzeko zein garraio kolektiborako eskaintza egongo da. Berriro diogu, sinetsita gaude su txikien itsasoa piztu behar dugula, trantsizio ekosoziala elkarrekin pentsatu, eta horren eraikuntzan elkarrekin ekiteko. Irailaren 30ean ikusiko dugu elkar!

 

Utzi iruzkin bat