Albisteak

Milaka lagunek alternatiba ekosozial justua aldarrikatu dute Bilbon eta Iruñean

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialistak deitutako mobilizazioek 60 eragile sozial baino gehiagoren atxikimendua jaso dute

Milaka lagun kalera atera dira gaur Bilbon eta Iruñean, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren, Emakumeen Mundu Martxaren eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistaren deialdiari jarraituz. Bi mobilizazioetan Rafah, Gaza eta Palestina aipatu ziren, genozidioa behingoz geldi dadin.

Manifestazioen amaieran irakurritako manifestuak alternatiba ekosozial justuaren terminoak jasotzen ditu: “Egungo egoerak krisi ekologiko gero eta sakonago eta prekaritate handiagora garamatza. Larrialdi klimatikoa agerikoa da, prekaritatea zabaldu egiten da lan- eta bizi-baldintzetan, prezioak igo egiten dira eta elikadura osasungarria bezalako eskubideak urratu egiten dira. Gainera, zerbitzu publikoak desegiten ari dira. Zaintzak funtsezkoak dira, baina gaur egun zaintzarako eskubide kolektiboa ez dago bermatuta. Matxismoa eta arrazakeria gero eta handiagoak dira. Gerrak eta autoritarismoa areagotu egiten dira. Errealitate horren beste alde bat putre-funtsak, supermerkatu handiak eta gero eta etekin handiagoak metatzen dituzten banku-erakundeak dira. Egungo gobernuek bultzatutako politika publikoak ez dira nahikoa norabide hori aldatzeko”.

Hauek dira gaurko mobilizazioetako 7 ardatzak:

  • Denontzako planeta bizigarri bat behar dua, eta, horretarako, larrialdi klimatikoari eta krisi ekologikoari aurre egin behar zaie.
  • Bizitzak erdigunean eta ez gutxi batzuen negozio eta etekinak erdigunean jartzen dituen eredu ekonomiko eta soziala behar da.
  • Lanak duindu behar dira, bereziki funtsezko lanak. Aberastasuna birbanatu behar da eta horretarako, gehien duenak zerga gehiago ordaindu.
  • Ez ditugu merkatuaren esku utzi nahi bizitzarako funtsezko eremuak. Elikagaien subiranotasuna, telekomunikazioak edo energía eremu publikotik bultzatu beharrezko oinarrizko elementuak dira.
  • Eskubide guztiak pertsona guztientzat, guztiok baitugu bizimodu duina izateko eskubidea. Matxismoa, arrazismoa… eta zapalkuntza eta diskriminazio ardatz guztiak suntsitu behar dira. Atzerritartasun Legea bertan behera utzi.
  • Gerrari eta gastu militarrari ezetz, eta gizartea eta ekonomia desmilitarizatu.
  • Egin beharreko aldaketa horiek guztiak ezin dira merkatuaren esku utzi. Planifikazio publiko sendoak eta demokratikoki eraikiak behar dira.

Utzi iruzkin bat