Albisteak

Pentsioei erasotzen badiete, guztioi erasotzen digute, larunbatean kalera!

Adinekoen eta pentsiodunen kolektiboek hainbat mobilizazio deitu dituzte otsailaren 13rako Hego EHn pentsioen sistema publikoaren alde, Toledoko Itunaren gomendioak eta horiek berresteko Kongresuak hartutako erabakia kezkaz ikusi ondoren. Horrek pentsio-erreforma berri bati atea irekitzen dio, pentsiodunen mugimenduek duela 3 urtetik defendatu dituzten aldarrikapenen aurka berriro ere buelta bat ematea ekarriko lukeena.

EHko Eskubide Sozialen Karta osatzen dugun kolektibo sindikalek, feministek, ekologistek, zerbitzu publikoen, gazteek, ikasleek arrazismoaren aurkako eta prodibertsitatearen eta zerbitzu publikoen aldeko taldeok uste dugu indarrak batzeko garaia dela, pertsona guztiok izan beharko genituzkeen eskubideen defentsan, eta kapitalaren interesak lehenesten dituen sistema batek etengabe erasotzen diela.

Pentsioak ez dira pentsiodunen arazo esklusiboa. Gizarte Segurantzak oinarri duen banaketa-sistemak lan-merkatuan aktibo daudenak hartzen ditu barnean, gazteak edo adinekoak izan. Oraingo langileak etorkizuneko pentsiodunak izango dira, gaur egungo pentsioei eusten diegun bezala.

Gero eta langile gehiago, bereziki emakumeak eta gazteak, prekarietatea, aldi baterako eta lanaldi partzialeko kontratuak eta miseriazko soldatak besterik eskaintzen ez dizkigun lan-merkatu batera katapultatuta gaude, hori bai lanpostu bat izanez gero.

Zaintza-lanak oraindik ez daude aitortuta; beraz, lan horiek gehienbat egiten dituzten emakumeak bi aldiz zigortzen dituzte pentsioak eskuratzeko orduan, eta, aldi berean, milaka pertsona, horietako asko egoera irregularrean, ezkutuko merkatuan lan egitera kondenatzen dituzte, merkatu horrek gaur egun eta etorkizunerako beste eskubide batzuk ukatzen ditu.

Hori guztia gertatzen da gizarte gehienarentzat beharrezkoak ez diren makroazpiegiturak sortzeko diru publikoa xahutzen den bitartean, diru hori pertsonok ditugun oinarrizko beharrak asetzeko erabili beharrean, batez ere, biztanleriaren zati handi batek bizitza modu duinean garatu ahal izateko dituen zailtasunak agerian geratu diren une honetan.

Egoera horren aurrean, EHko Eskubide Sozialen Kartak hainbat neurri defendatzen ditu pentsio-sistema publikoa bermatzeko: 1.080 euroko Gutxieneko Pentsioa, genero-arrakala amaitzea, iraunkortasun- faktorea indargabetzea, kotizazioak handitzeko mekanismoak ezarri behar dira, hala nola 1.200 euroko gutxieneko soldata, soldata handienen kotizazio-mugak kentzea eta zerga-politika aldatzea, progresiboagoa izan dadin eta diru gehiago bil dadin.

Bermatu behar dugu gazteek eta egoera irregularrean dauden pertsonek lan egiteko aukera dutela, eta, horretarako, zerbitzu publikoetan lanpostu berriak sortzeaz gain, erretiro-adina 60 urtekoa izan behar da, eta asteko edo eguneroko lanaldia murriztu behar da, soldatei eutsita.

Amaitzeko, Hego Euskal Herrian gure etorkizunari buruzko erabaki garrantzitsuak hartzeko gaitasuna izatea aldarrikatzen dugu, eta lan arloan legeak egin ahal izatea. Bistakoa da lan-baldintzak zenbat eta okerragoak izan, orduan eta zailagoa dela pentsio bat jasotzea, eta are zailagoa dela dagokigun pentsioa duina izatea. Horregatik guztiagatik, gure egiten ditugu pentsiodunen mugimenduaren aldarrikapenak, eta dei egiten diegu herritar guztiei Euskal Herriko pentsiodunen kolektiboek deitutako mobilizazioetan parte hartzera, otsailaren 13rako, larunbata, eguerdiko 12etan, Hego EHko 4 hiriburuetan eta hainbat herri eta eskualdetan. Pentsio eta bizimodu duin baten alde!

Utzi iruzkin bat