Albisteak

DSBE-ren proiektu berria salatu du Euskal Herriko Eskubide Sozialen kartak

Euskal Herriko Eskubide Sozialen kartak mobilizazioa egin du gaur Eusko Jaurlaritzaren aurrean DSBE-ren proiektu berria salatzeko. Sindikatu eta eragile sozial ezberdinetako hamarka pertsona bildu dira elkarretaratzean proiektua bertan behera uzteko eskakizunarekin eta 2008ko legea aplikatzeko aldarriarekin.

Euskal Herriko Kartak Eusko Jaurlaritza egiten ari den propaganda salatu nahi du. Garaipen sozial bezala saltzen dute 2012tik mantentzen diren murrizketak, ez baitira 2008ko legea errespetatzen ari.

Pentsioduna ez den pertsona batek 2022an 727,41 euro kobratzen ditu. Aldiz, 2008-ko legearekin, 1026€ kobratuko lituzke. Lege proiektuak 2023rako DSBEa 737,44 eurotan ezartzen du, 2022an baino zerbait gehiago, baina ez du estaltzen DSBEk aurten izango duen erosahalmenaren galera. Gainera, bi urteetan Etxebizitzako prestazio osagarria desagertzearen planteamendua salatu dute.

Kriminalizazio neurriak ere bertan behera gelditzeko eskatu dute, horrek bakarrik eskuin muturraren diskurtsoa eta xenofobia elikatzen baititu.

Eusko Jaurlaritzaren Pobreziaren eta Gizarte Ezberdintasun Inkestak honela dio: pobrezia arriskuan dauden 100 pertsonatik prestazio sistemak 30 pertsona pobreziatik kanpo uzten ditu, 37 pertsona babesa dute, baina ez die uzten pobreziatik ateratzen, eta geratzen den % 33 soilik ateratzen da pobrezia egoeratik. Beraz, sistema ez da nahikoa, eta nabarmen hobetu beharra dago.

Ondorioztatu dute, egungo pobrezia egoera kronifikatu eta jasangarri egiten duen eredua baino, benetako eztabaida beharrezkoa dela modu duinean bizitzeko babes sistema eraikitzeko. Diru-sarrerak bermatzeko sistemaren eztabaida marko orokor horren baitan kokatu behar da.

Hau guztia dela eta, hurrengo aldarrikapenak plazaratu dituzte:

Proiektua bertan behera uztea.
2008ko legearekiko aplikatzen ari diren murrizketak bertan behera uztea.
Karta Sozialaren Pobrezia eta Bazterketa Sozialaren aurkako Herri Ekimen Legegilean jasotzen ziren neurriak onartzea, eta talde parlamentarioek neurri hauek defendatzea.
Babes sitemaren inguruko benetako eztabaida sozial eta parte hartzailea irekitzea.

Utzi iruzkin bat