Albisteak

Goiza aurrera joan ahala zerbitzu publikoak eta merkataritza ere atxiki zaizkie Greba Orokorrak industrian duen jarraipen zabalari

Grebaren deitzaileek salatu egin dituzte debekuak, isunak eta manifestazio eskubideari ezarritako trabak

Urtarrilaren 30eko grebak gero eta eragin handiagoa du Euskal Herri guztian zehar, goiza aurrera joan ahala. Lehen orduetan industrian jarraipena oso handia zelarik, goiz erdian ikusi da Hezkuntza eta gainerako zerbitzu publikoek, baita merkataritzaren zati handi batek ere, “lan, pentsio eta bizitza duina” eskatzeko grebarekin bat egin dutela.

Pikete taldeak lantokiz lantoki dabiltza eta dagoeneko hasi dira lehenengo manifestazio-zutabeak osatzen; hauek eguerdian euskal hiri nagusietako mobilizazio zentraletan bilduko dira.

Greba jarraipen oso zabala izaten ari da industrian, ekoizpena geldirik dago enpresa handi askotan eta industrialde ugari itxita dago. Gipuzkoan ia erabatekoa da (Irun eta Beasaingo CAF, Jaso, Irizar, ABB Niessen, JMA, Elay, Indar, Bellota, GKN Legazpi, Sapa, Murias, Olaberria eta Bergarako Arcelor Mittal), baita Bizkaiko eskualde batzuetan (Lucart, Ormazabal, Onduline, Tecnichapa, Cementos Lemona, Eika, Zikautxo, Gestamp, Cie Automotive, Aludium) nahiz Nafarroako ipar-ekialdean (Magotteaux, Aceros Moldeados, Guerra Hermanos, Sarriopapel, Cementos Portland, Arcelor Lesaka, Funvera, Savera).

Greba jarraipen zabala izaten ari da beste eskualdeetako enpresa garrantzitsuetan: Bilbo Handian (Eldu, Construcciones Olabarri, Lucart, Tecnia, Navacel, Lamincer, Arisawa, Mesa, Arteche), Araban (Condesa, Inauxa, Amurrio Ferrocarril, Envases Metalúrgicos, Jez, Auria, SDA, Laminaciones Arregui, Guardian, Sidenor Legutio, Arcelor Agurain, Froneri) nahiz Iruñerrian (Lácteos, Perfil en Frío, Uscal, Argal, Kybse, VW Navarra, Faurecia Orkoien, Tecnoconfort, Videcart).

Zerbitzu pribatuetan ere jarraipena zabala da. Herri askotako merkataritza txikia itxita dago, baita eskoletako eta enpresetako jangela ugari ere, Hego Euskal Herri osoan, adibidez, Gurutzetako ospitaleko kafetegia gaur itxita izango dena. Merkataritza-gune handi batzuk ez dira ireki (adibidez, Donostiako Garberako Eroskik, bere historian bigarrenez grebarekin bat egin duena). Bizkaian eta Gipuzkoan saltoki handi gehienak itxita daude (BM, Eroski, Lidl, Dia…); Araban eta Nafarroan ere grebak eragin handia izan du sektorean (esaterako, Iruñeko Santo Domingoko azoka itxita dago).

Bilboko eta Pasaiako portuan jarduera oso txikia da.

Garraio publikoko linea askotan gutxieneko zerbitzuak besterik ez dira eskaintzen ari, erabat gehiegizkoak, orain baino lehen ere salatu izan dugunez. Gainera, enpresek zerbitzu minimoak abusuz ari dira baliatzen, zerbitzu horietarako izendatu baitituzte greba egiteko asmoa zuten langileak. Osasun publikoan ere salaketa bera egin beharrean gaude.

Zerbitzu publikoekin jarraituz, administrazio publikoan, esaterako Gipuzkoan, dozenaka udaletxe itxita daude, batez ere Gipuzkoako udal handi batzuk (Beasain, Tolosa, Andoain, Lasarte, Arrasate, Bergara), eta jarraipena oso handia da Bilbon, Getxon, Agurain eta Laudion, besteak beste. Osakidetzaren Lehen Arretan oso jarraipen zabala izaten ari da.

Eskola publikoan jarraipena zabala da, %65koa EAEn (Nafarroaren kasuan gehiegizko zerbitzu minimoek greba eskubidea urratu dute); %80ko jarraipena Haurreskolak Partzuergoan eta %90etik gorakoa Hego Euskal Herriko Ikastoletan. EHUko zein Nafarroako Unibertsitate Publikoko jarduera gehienak bertan behera geratu dira eta Mondragon Unibertsitatean Enpresaritza eta Giza Zientzien fakultateak itxita egongo dira egun osoan.

EITBn grebak irrati zein telebistan du eragina: soilik albisteak eta grabatutako saioak emango dira. Egunkarien artean, gaur Gara, Deia eta Berria ez dira kaleratu, eta Naiz Irratian greba erabatekoa izan da.

Beste aldetik, greba deitu duten erakundeek salatu egin dituzte Ertzaintza eta beste polizia batzuk greba orokorrean parte hartzen ari direnei ezartzen ari diren debeku, isun eta oztopoak. Adibidez, Gasteizko grebalarien aurkako oldarraldi bortitza ala Basaurin bi lagun jasan duten jazarpena.
Hainbat erakundek manifestazio eta bilera askatasunaren aurka jokatu dute mobilizazio batzutako baimena ukatu dute (adibidez, Bilbon eta Iruñean aurreikusita zeuden zenbait zutabe). Saio politiko honekin urtarrilaren 30eko greba orokorrari indarra kendu nahi diote, baina herritarren mobilizazio handia galarazten ari da asmo hori.

Utzi iruzkin bat