Albisteak

“Ondasuna banatu, eskubideak bermatu, zerbitzu publikoak garatu” lelopean manifestazioa Iruñean

Euskal Herriko Eskubideen Sozialen Kartak deituta, manifestazioa izan da gaur Iruñean. Ehundaka lagunek pandemiari aurre egiteko baliabide gehiago eskatu dituzte, zerbitzu publikoak garatuz. Krisiak kapitalak ordain dezala eskatu dute manifestariek, eta horretarako ondasunaren banaketa justu bat eskatu dute. Zerga politika berri bat beharrezkoa dela aldarrikatu dute jendarteak diturn erronka berriei heltzeko.

Joan den azaroaren 19an Eskubide Sozialen Kartak
sistema aldatzea eskatu zuen, biziari eta zaintzari
benetan lehentasuna emate aldera, eta pribatizazioen
alde egin ordez zerbitzu publikoak indartzeko ahalegina
egin dadin.
Esan genuen orduan aurrekontuak egiteko unea egokia
dela norabide hartarantz aurrera egiteko borondate
politikoa adierazteko. Horretarako, Nafarroako
Gobernuaren 2021eko aurrekontua zela eta honako
neurriak har zitezela eskatu genuen:
• Pertsonen zaintza arloko zerbitzu publiko
pribatizatuen publifikazio urgentea, horretarako
beharrezko baliabideak bideratuz.
• BPGaren %6 hezkuntzara bideratu, eta %7
osasungintza publikora.
• Etxebizitza publikoen parke bat bermatzea,
Nafarroako biztanle guztiei salbuespenik gabe
eskaintzeko.
• LGS adineko errenta bermatua.
• Pentsioak osatu gutxienez 1.080 eurokoak izan
daitezen.
• 1.200 euroko gutxieneko soldatak eta gehienez
35 orduko lanaldiak arlo publiko guztian eta honen
kontratetan, irauten duten artean.
• Premiazko neurriak modu irregularrean bizi diren
edo lan egiten duten pertsona guztien egoera
erregularizatzeko.
• Makro-azpiegiturak geldiarazi, zuzenean edo zeharka
pertsonen beharrizanak ez diren xedeetara diru
publikoa desbideratzen duten kasuetan.
Horretarako ezinbestekoa zen ere premiazko zerga erreforma
bat gauzatzea, zergak zinez igotzeko
enpresen etekinei, ondareei eta errenta altuei zein
kapital-errentei. Azaroaren 20an plazaratu genuen
zerga-erreformarako gure proposamen konkretua, diru bilketa
oparoagoa eta justuagoa izan dadin.
Badakigu ezen, 2008ko krisiaren ondoren gertatu zen
bezala, zerga-erreforma sakon eta azkarrik egiten
ez bada egungo zorrak lehenago edo beranduago
murrizketa sozial gogorrak ekarriko dituela biztanle
gehienentzat.
Neurri horiek guztiak eta beste batzuk bete-betean
garatuko badira beharrezkoa da subirania osoa,
Nafarroan erabaki ahal dadin lan baldintzen eta
biztanleriaren bizi-baldintzei buruzko kontu guztiei
buruz.
Gure aldarriak ez dira berriak; pentsio-sistema
publikoaren alde, prekarietatearen aurka eta eskubide
sozialen alde urtarrilaren 30ean egin genuen greba
orokorrean eman genituen ezagutzera. Nafarroako
Gobernuaren 2020ko aurrekontuak hain zuzen greba
orokor haren ondoren onartu ziren. Eta, 2021ko
aurrekontuen kasuan bezala, aurrera atera ziren
Gobernuko kideek (PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal
Dugu) EH Bildurekin iritsi zuten akordioari esker.

Kartak esan zuen 2020ko aurrekontuez hauek ez
zietela erantzunik ematen Greba Orokorreko aldarriei.
Aurrekontu akordioan sartzea 1.200 euroko gutxieneko
soldataren erreferentzia edota 1.080 euroko gutxieneko
pentsioari buruzko ikerketa bat keinu sinboliko bat
besterik ez zela, ondorio praktikorik gabea eta,
horrenbestez, nahikoa ez zena.
Gaurko egoera are larriagoa da, Covid-19ak eragindako
krisi sanitario, sozial eta ekonomikoari aurre egin behar
baitzaio. Konfinamendu garaian sistemaren gabeziak
agerian geratu ziren. Eredua aldatu beharra dago; bizia
erdigunean kokatzen duen beste eredu baterantz jo
behar dugu. Beraz, are premia handiagoa da galdatzen
ditugun neurriak aplikatzea.
Haatik, Nafarroako Gobernuak -zeina PSNk, Geroa
Baik eta Podemos-Ahal Duguk osatzen duten- egin
duen aurrekontu proiektuan ez dago norabide berririk:
aurrekontu kontinuistak dira, eta hauek aurrera
ateratzeko Gobernuak eta EH Bilduk itxi duten akordioak
ez du hori aldatzen.
Eskubide Sozialen Kartak berriz ere arbuiatu egin behar
du aurrekontuetan jaso ez izana duela bi aste eskatzen
genituen puntuetako bat ere. Ez egoera larriaren
tamainako aurrerapausorik, ez eta aurrera egiteko
aukera eman dezakeen zerga-erreformarik ere.
Gobernuak benetako zerga-erreforma bati uko egiteak
eragotzi egiten du politika publikoak aipatzen dugun
norabidean egiteko modua. Gainera, nafar gehienen
beharrizanetarako konponbideak erabakitzeko
eskubidearen aldarrikapen falta ikusten dugu. Eztabaida
isilarazten edo atzeratzen ari dira, izan ere, ez baitute
kapitalaren eta eskuinaren interesekin talkarik izan nahi.
Zerga-erreformari ekin behar zaio zergatan diru
gehiago eta berdintasun handiagoz biltzeko, eta hori
orain egin behar da; ezin da atzeratu. Ikerketa batzuk
egiteko akordioa goraipatzea (hori dagoeneko otsailean
bazegoen, zehaztu gabe bada ere), ezer aldatzeko
konpromiso konkreturik gabe, sinbolikoa ez ezik
errepikakorra da.
Azken urteetan gauza bat argi geratu da: Borroka
sindikal eta soziala behar-beharrezkoa da aldarrikatzen
ditugun erako aldaketa estrukturalak bultzatzeko.
Mobilizazioa oinarrizkoa da aldaketa politiko eta
sozialean aurrera egiteko. Mobilizazioa zerga erreformaren
alde, gehien dutenek gehiago ordain
dezaten. Mobilizazioa herritar eskubideak bermatuko
dituzten zerbitzu publikoen alde. Mobilizazioa biztanleria
guztiarentzako lan eta bizi duinaren alde, Nafarroan lan eta
bizi-baldintzak erabakitzeko eskubidearen alde.

Utzi iruzkin bat