Urkullu Lehendakariak ukatu egin dio bilera Euskal Herriko Karta Sozialari; aldiz,
Chivite Lehendakariak hilaren 27rako jarri du hitzordua
Urtarrilaren 30eko greba orokorra dela eta, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak Urkullu eta Chivite Lehendakariei gutun bana bidali zien, ELA eta LABeko idazkari nagusiek sinatuta, bilera eskatuz deialdiaren xehetasunak azaltze aldera.
Bilera horiek egitea garrantzitsua dela uste dugu, deialdiaren arrazoiak eta aldarriak azaltzeko, batetik, eta bi gobernuek horiei buruz duten iritzia ezagutzeko, bestetik (batik bat bere eskumenen eremuan daudenei dagokienez).
Aurretik ere esan izan dugunez, greba honetako aldarri nagusiak dira pentsioak eta lan- zein gizarte-baldintzen hobekuntza. Eskari garrantzitsuak bertoko erakundeen eskumenekoak dira, esaterako gutxieneko pentsioen hobekuntza, administrazioak zuzenean edo zeharka ardura duen eremuetako lan prekaritatea amaiarazteko neurriak, soldata arrakala gainditzea edota eskubide sozialen aitortza (besteak beste, alokairu sozialeko etxebizitza izateko eskubidea edo mendekotasunaren sektorean estaldura eta bermeak ziurtatzea, zaintz lana duina eta egonkorra izan dadin).Bestalde, itxurakeria galanta iruditzen zaigu dugun autogobernu maila etengabe goratzea eta, aldi berean, herritarren oinarrizko lan eta bizi baldintzak arautzeko ahalmen falta argudiatu eta ahalmen hori eskuratzeko ekimen politikorik ez hartzea.
Kartak luzatutako gonbiteak erantzun ezberdina jaso du: Nafarroako Lehendakariak bilera egiteko hitzordua jarri digu urtarrilaren 27rako; aitzitik, Urkullu Lehendakariak gutun bidez ukatu egin du aukera hori.
Urkullu Lehendakariak, bide batez, argi uzten du greba deialdiaren aurka dagoela goitik behera. Beste behin argi geratu, Lehendakari hau noren alboan dagoen. Prekarietatea bultzatzen ari den patronalarekin gune asko koonpartitzen ditu, patronalari alfonbra gorria jartzen dion bitartean ez du prekarietatatea eta pobreziarekin amaitzeko proposamenak egiten dituen herri honetako gehiengo sindikal eta sozialarekin bildu nahi.
Greba Orokor hau deitu dugun erakundeok adierazi nahi dugu ez gaudela ados Eusko Jaurlaritzaren eta Lehendakariaren beraren jarrerarekin; izan ere, grebari buruz iritzi ezberdina izan badezakete ere, herri honetako eremu sozial eta sindikalean gehiengoa ordezkatzen duten erakundeekin bilera egiteko aukera bera baztertzen baitute. Lehendakariak goraipatu egin ohi du elkarrizketa, baina hau ez da gauzatzen solaskideok politika publikoen aldaketa eskatzen dugun eragile sozialak garenean.
Azkenik, iragarri nahi dugu Grebaren agendaren baitan Nafarroako Lehendakariarekin izango den bilerara joango garela, eta gobernu zein patronalak interpelatzen jarraituko dugula. Halaber, grebaren logika berean, salatu egingo dugu Urkullu Lehendakariak agertu duen jarrera eta Eusko Legebiltzarrera joko dugu, geure aldarrikapenak azaldu eta horiek gauzatzeko ekimenak abian jar daitezen eskatzeko.