Albisteak

Zaldibarko hondamendiak, 3 urte: erantzukizunak argitzea eta ez errepikatzeko bermeak

Zaldibarko hondamenditik hiru urte betetzen diren honetan, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak erantzukizunak argitzea eta ez errepikatzeko bermeak eskatzen ditu. Zaldibar Argituz plataformak otsailaren 5erako deituriko ekitaldian parte hartzera dei egiten du.

 

Hiru urte bete dira Zaldibarko hondamendia gertatu zenetik. 2020Ko otsailaren 6an Verter Recycling-en zabortegia hondoratu eta Alberto Sololuze eta Joaquin Beltrán desagertu ziren zabor artean. Lehenik eta behin elkartasun eta babes osoa adierazi nahi diegu familia eta ingurukoei, oraindik erantzukizun guztiek argitu gabe jarraitzen duten honetan.

Luizia eta hondamendia gertatu zenetik bertatik Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak eta berau osatzen dugun gehiengo sindikal eta eragile sozialok, Zaldibar Argitu plataformarekin elkarlanean, salatu izan dugu zabortegiaren kudeaketan agerikoa izan den kontrol falta, jarduera opako eta klientelarra, jasanezina eta arriskutsua. Baita, Verter Recycling enpresaren erantzukizun zuzena ingurumen hondamendian eta Joaquin eta Albertoren heriotzean.

Horrekin batera irmoki salatu dugu eta salatzen dugu Eusko Jaurlaritzaren eta Ingurumen Sailaren erantzukizun politikoa. Zaldibarreko zabortegia 2016tik arrisku larrian zegoen eta urte hauetan guztietan ez dira beharrezko neurketak eta kontrolak egin. Hondamendiaren ondoren ardura guztia Verter Recycling enpresaren gain uzteko saiakera etengabean aritu da Jaurlaritza, baina zabortegian detektaturiko irregulartasunei ezikusia egin zitzaien. Berriki jakin dugu Eusko Jaurlaritzako hiru teknikari inputatu eta deklaratzera deitu dituztela zuhurtziagabekeriazko prebarikazioagatik. Eusko Jaurlaritza eta Ingurumen Sailak opakotasunez, erantzukizun eta ardura politikoari muzin eginez, aritu dira denbora guzti honetan, gertaturikoa argitzeko ekarpen irmoa egin ordez.

Hiru urte luze joan dira baina berriro errepikatu ez dadin bermerik ez daukagu. Kudeaketa pribatuan eta kontrol publiko ezean oinarrituriko hondakin kudeaketa eredua negozio iturri bilakatu da enpresarientzat, langileon eta naturaren kontura. Langileon eta herritarron bizitza zein osasuna bermatzeko, edota hondakinen kudeaketa eredu iraunkor baterantz bidea egiteko neurriak ez dira hartu. Azpikontratazio politikak eta zaintza, kontrol eta babes neurri ezak langileon lan baldintzak prekarizatu eta bizitzak arriskuan jartzen jarraitzen du, baita herritarren osasuna ere.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartatik Zaldibarren gertaturikoa argitu dadin eskatzen jarraitzen dugu, eta erantzukizun guztiak argitu daitezela. Horrekin batera, pertsonentzat eta naturarentzat bizigarria den eredu baten norabidean neurriak hartu eta Zaldibarren gertaturikoa errepikatu ez dadin bermeak eskatzen segiko dugu. Gertaturikoa ahanzturan geratu ez dadin, igandean, otsailak 5, 12:30etan Eitzagan Zaldibar Argitu plataformak deituriko ekitaldian parte hartzera dei egiten dugu.

Langileak Osasuna. Erantzukizunak. Zaldibar Argitu!

Utzi iruzkin bat