Albisteak

Gutxienez 1400 euroko soldata eta 1260 pentsioa aldarrikatu dute Karta Sozialeko eragile eta sindikatuek

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako ordezkariek salatu dute elite ekonomikoen mesedetan langileei lapurreta egiten ari zaiela eta biztanleriaren pobretze prozesua azkartzen ari dela. Izan ere, 2021ean Euskal Herrian 103.000 pertsona gehiago zeuden pobretze arriskuan 2008an baino (74.000 EAEn), hau da, %44 gehiago. Gainera, bilakaera goranzkoa da, joera estrukturala da. Hala salatu dute gaur, azaroak 10, Bilbon egin duten kontzentrazioan, `Diru Sarrera Duinen alde, POBRETZEARI STOP, condiciones de vida dignas!´ lelopean. Eragileek azaroaren 19ko manifestazioan parte hartzeko deia egin dute, eta pobrezia arriskuan 103.000 pertsona gehiago daudela salatu.

Garestitzen ari da bizitza eta erosahalmenaren galerari aurre egiteko prestazio sozialak ez dira nahikoak, okerrera doaz, zerbitzu publikoen gainbehera areagotzen den neurri berean. EAEn, Eusko Jaurlaritzak ez du 2008ko legea aplikatzen edota errespetatzen Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE). DSBEak gutxieneko soldataren igoeren arabera handitu behar zituen eta hori ez da aplikatzen. Horren ondorioz diru sarrera hori izan beharko lukeena baino ia 300€ txikiagoa da, eta bereziki kaltetzen ditu emakumeak, soldata eta pentsio txikienak izaki.

Erosahalmena galtzen ari da esparru guztietan; soldatetan, pentsioetan, administrazioko langileen soldatetan, prestazio sozialetan etab. Hori guztia gertatzen ari da Ibex 35-eko enpresen etekinak gora doazenean (2019an baino %83 gehiago irabazi dute 2021ean). Hori gertatzen ari da Gobernuen aldetik ez dagoelako borondate politikorik politika neoliberalak alboratzeko.

Lan, pentsio eta bizitza duinaren alde, zerbitzu publiko duinen alde, aberastasunaren banaketa justua eskatuz borroka sektore ugari daude une honetan borrokan, lantokietan zein kalean, mobilizazioa baita aldaketa bultzatzeko bidea.

Hori guztia dela eta, EHko eskubide sozialen Kartak gizarteari dei egiten dio azaroaren 19ko lau hiriburuetako mobilizazioetan parte hartzera, bizi baldintza duinak eta prezioen kontrola ardatz hartuta, langileen mesedetan egingo diren politikak eskatzeko; langileei oinarrizko eskubide eta beharrizanak ziurtatuak izan daitezen eta pertsona guztientzat prestazio sozial nahikoa egon dadin. Aberastasunaren bidezko banaketarako zerga erreforma bultzatzeko eta, horrekin batera, beste aldarrikapen zehatz batzuk ere kalera ateratzeko: soldatak eta pentsioak KPIaren arabera eguneratzea, 1.400€-ko gutxieneko soldata, 1.260€-ko gutxieneko pentsioa eta soldata eta pentsio arrakala amaitzea.

Utzi iruzkin bat