1, Zergatik da beharrezkoa EHko Eskubide Sozialen Gutuna?
1,1 Oraingo egoera. Eskubideen gainbehera etengabea.
- Botere ekonomikoa, bankan eta finantza-sisteman kontzentratuta, politika publikoez erabakitzen duen benetako botere bilakatu da. Bere asmoa da instituzio publikoak banka handiaren agindupean jarritako tresna bihurtzea. Demokrazia desagertu egiten da, lobby finantzarioen eta patronalaren boterea handitzen den erritmo berean.
- Ekonomia, gobernu neoliberalen eskutik, bankarien eta espekulatzaileen interesen zerbitzuan jartzen da, eta horrek aberastasunaren banaketa bidegabea sortzen du. Gero eta pertsona gutxiagok gero eta aberastasun handiagoa metatzen dute, baina horren prezioa da murriztea bizi-baldintza duinak lortzeko pertsonek behar dituzten baliabideak.
- Hori da Espainiar eta Frantziar Estatuetako gobernuek jarraitzen duten estrategia. Beraren ondorioz, urte gutxian suntsitzen ari dira langileen eta herriaren borrokak hainbat urtez irabazitako gizarte lorpenak.
- Gizarte eskubideak, administrazioei exijitzen ahal zaizkien eskubide gisa, ordenamendu juridikotik kanpo uzten ari dira; horren ordez, interes orokorreko jarduerak izatera pasatzen dira, eta, hortaz, eskura dagoen aurrekontuaren arabera erantzungo zaie.
- Zerbitzu publikoek beren izaera unibertsala galtzen dute; pribatizatu egiten dira, gutxi batzuek negozioa egin dezaten eurekin; murriztu egiten dira, enpresa pribatua hedatu ahal izan dadin, eta zerbitzuen koordainketa ezartzen da, kontu publikoak herritarren beharren kontura doitzeko.
- Pertsonei bizi-baldintza duinak lortzea ahalbidetzen dien lanerako eskubideasakrifikatu egiten da, akziodunen dibidenduak hobetzeko xedez. Ordainsarien murrizketa, lan-baldintzen okerragotzea, langabezia masiboa, prekarietatea eta bazterketa dira lan-kostuak modu erradikalean murrizteko tresnak, eta horrek ustez gaindituta zeuden esklabotasun egoeretara eramaten gaitu atzera.
1,2 Euskal Herriko gobernu neoliberalek estrategia horretan kolaboratzen dute.
- Euskal Herriko gobernu neoliberalek politika horiexek gauzatu dituzte beren jarduera-eremuan. Ezin dute beren erantzukizuna mozorrotu, errua kanpoko erabakiei leporatuz. Haiek dira erabaki diren edo modu otzanean onartu dituzten politiken erantzuleak.
- Krisiaren jatorrian dauden politika horiek krisitik ateratzeko ere aplikatzen dira, eta emaitza ezin izan daiteke hondagarriagoa izan; langabeziaren gorakada izugarria, gizarte bazterketa, zerbitzu publikoen unibertsaltasunaren galera, lan-baldintzen narriadura sistematikoa, eta patronalari erabateko boterea ematea, lan-harremanak bere komenientziaren arabera antolatzeko.
- Botere politiko eta instituzionaletik eskubideen murrizketa ezartzen ari da, dekretu bidez, euskal gizarteari bere etorkizunaz erabakitzeko ahalmena kentzeko. Horrelako politika fiskaletatik eta aurrekontu-politiketatik ondorioztatzen den krisi ekonomikoa tresna gisa erabiltzen ari da inoizko erasorik handiena sortzeko, bai euskal langileen aurka eta bai gure gizarte osoaren aurka.
2, Zertarako Eskubide Sozialen Gutuna?
2,1 Gauzak bestelako moduan egin daitezke eta egin behar dira.
- Hemen bildu garenok erabat konbentzituta gaude gauzak bestelako modu batean egin daitezkeela eta egin behar direla. Ekintza politiko eta instituzionalaren lehentasunak aldatu behar dira, pertsonak eta haien interesak merkatuaren interesen gainetik jarri behar dira, eta lana kapitalaren interesen gainetik.
- Edozein jarduera ekonomikoren azkeneko arrazoia ezin izan daiteke norbait aberastea gizartea pobretzearen truke. Horri begira, segurtatu behar da politika ekonomikoaren gizarte eraginkortasuna eta oinarrizko gizarte eskubideak direla gobernuaren jardunaren lehentasuna.
- Euskal Herriak ezin jasan dezake, denbora gehiagoz, Europatik eta gure per capita errenta eta gastu sozialen proportzioa berdintsua –BPGan duten proportzioa- dituzten herrialdeetatik gero eta gehiago urruntzen gaituzten politika publikoak; izan ere, politik horiek gero eta gehiago hurbiltzen gaituzte Espainiako langabezia mailara, pobreziara, zerbitzu publikoen suntsipenera eta atzeraldira.
2,2, Euskal herriko gizarte mugimenduak eta mugimendu sindikalak egoera errotik aldatzeari ekin dio.
- Arrazoi horiengatik, Euskal Herriko Mugimendu Sozial eta Sindikalen Batzar Nazionala osatzen dugun erakundeok gure egiten dugu Gizarte Eskubideen Gutun bat adosteko erantzukizuna, bi helburu lortzeko: alde batetik, gure ekonomia eta gure baliabideak euskal herritarren zerbitzuan jartzeko, eta, bestetik, lortzeko berton bizi diren pertsona guztiek bizi-baldintza duinak eskuratu ahal izatea, oinarrizko gizarte eskubideen aitortza eta erabileraren bitartez.
2,3, Euskal instituzio eta alderdi politikoek horren ondorioz jardun behar dute.
- Erantzukizun berdina exijitzen diegu euskal instituzioei; beren herritarrekin hartuta duten erantzukizuna bereganatu dezatela eta beharrezkoak diren neurri guztiak hartu ditzatela, herritarrei oinarrizko gizarte eskubideen erabilera bermatzeko.
- Euskal instituzio eta alderdi politikoek helburu hori jarri behar dute beren ekintza politikoaren erdigunean, eta eragotzi behar dute euskal gehiengoentzat arrotzak diren erabakien inposaketa, dekretu, legegintza-erreforma edo beste edozein ekimenaren bitartez.
3, Bada garaia alternatiba bat, aldaketa sozial eta politiko bat Euskal Herrian bultzatzeko.
• Bada garaia Euskal Herriko emakume eta gizonok bestelako proiektu ekonomiko eta sozial bat eraiki dezagun Euskal Herriarentzat, eskubide eta betebehar berdinez.
• Bada garaia euskal gizarteak gizarte eredu bidezko eta solidarioa eraiki dezan, bere borondatez, beste inongo inposaketa edo injerentziarik gabe.
• Horregatik, batzar nazional honetan erabaki dugu eztabaida prozesu bat irekitzea, inplikazio sozial eta sindikalarekin, datorren udazkenean gizarte gutunerako proposamen baten behin betiko erredakziora iristeko, alegia, Euskal Herrian bizi garen pertsona guztion sentipena eta gehiengoaren interesa jasoko dituen behin betiko proposamen bat erredaktatzeko.
• Gure nahia da eztabaida prozesu honek herri-harresi bat eraikitzera eramatea azkenean, botere ekonomikoak gehiengo sozialaren kontra zuzentzen dituen eraso guztiei aurre egiteko; halaber, gure asmoa da gizarte gutun hau tresna bihurtzea, bai indarrak biltzeko exijitzen dugun alternatibaren inguruan eta bai herri honetako borroka ahalmena bateratzeko, benetako aldaketa sozial eta politikoa Euskal Herrian lortu arte.