Albisteak

LAN, PENTSIO, BIZITZA… DUINA ALDARRIKATZEA EZ DA DELITUA!

2020ko Urtarrilaren 30ean lan, pentsio eta bizitza duinen alde greba orokorra egin genuen. Milaka langile eta herritar mobilizatu ginen Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak egindako deialdiarekin bat eginez. Konfluentzian zein elkarlanean egindako mobilizazio orokorra izan zen eta kalean eredu berri baten aldeko indarra eta gehiengoa batu ginen.

Orduan esaten genuen bezala, gaur lan, pentsio eta bizitza duinak aldarrikatzen ditugu. Horretarako, politika publikoen lehentasunak aldatzea, indarrean dagoen eredu sozio-produktiboa eraldatzea, aberastasuna banatzea, zerbitzu publikoak garatzea… aldarrikatzen ditugu.

Egun indarrean dagoen eredua ez da merezi dugun onena, ezta egoera honetan izan dezakegun eredurik onena ere. Kapitalismo patriarkal-ekozida politika neoliberalak edota murrizketak sustatzen dituzten alderdien errezeta da.

Azken hilabeteotan grebalarien aurka jaso ditugun isunak salatzeko elkartu gara. Ez da onargarria aldaketa soziala kriminalizatzeko saiakera berri hau. Gure lan eta bizi baldintzak pobretu eta prekarizatzen dituztenek etxean, ixilik eta sumiso nahi gaituzte. Ez da onargarria eskubide sozialen alde dauden herritarrak zigortzea, kapitala pertsonen bizitzaren gainetik jartzen dituztenekin akordioak egiten diren bitartean.

Gaur, Gasteizen elkartu gara agintaritzaren aurkako atentatua eta lesioak egotzita epaitu duten pertsona bati gure babes osoa emateko, joan den urtarrilaren 30eko greba orokorraren egunean gertatutako istiluetan, pertsona hori ez zuten identifikatu, ezta atxilotu ere egun horretan, baino 18 hilabeteko kartzela-zigorra eta kalte-ordaina eskatzen diote.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen aldeko Kartatik pertsona horren absoluzioa eskatzen dugu, eta irmoki salatzen dugu errepresioa eta askatasun politikoen aurkako epaiketa honek dakarren eraso larria.

Azkenik, lan- pentsio eta bizitza duinen alde mobilizatzen jarraituko dugula ohartarazi nahi dugu. Grebalari guztiei gure babesik eta eskerrik beroenak. Hurrengoan elkartuko gara!

Utzi iruzkin bat