Albisteak

Zaldibar Argitu eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta Zaldibarko hondamendiaren kasutik kanpo utzi dute

Zaldibar Argituk eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Zaldibarko hondamendiaren kasuan, langileen eskubideen aurkako deliturik egon den argituko duen prozedimentutik kanpo utzi gaituztela salatu nahi dugu.

Apirilaren 30ean, Zaldibarko hondamendian langileen eskubideen aurka deliturik egon zen argitzeko kausatik kanpo utzi gintuzten eta maiatzaren 11ean helegitea aurkeztu genuen. Orain berriro ere langileon eskubideak defendatzeko herri akusazio gisa aurkezteko eskubiderik ez dugula esan digute. Baina juridikoki ez dago arrazoi nahikorik prozedimentu honetatik kanpo uzteko:

– Autoaren arabera, interes gehigarri berezia akreditatu behar da, baina hori ez dago inon horrela araututa.

Delitu publiko baten aurrean gaude eta gu herritarrak garen heinean, herri akusazio gisa aurkezteko eskubidea dugu.

Gertaera honen, eta orokorrean Zaldibarren gertatutako guztiaren atzean, argitu gabeko auzi asko daude. Eusko Jaurlaritzaren eta enpresa pribatuen arteko harreman eta interes ilunak, langileon segurtasunaren eta eskubideen urraketak, ingurumenaren kontrako jarduerak… Gertatutakoaren aurrean, inork ez du erantzukizunik beregain hartzen; ez enpresak, ez Eusko Jaurlaritzak. Horregatik ezinbestekoa da herri akusazio indartsu bat izatea, eta hain zuzen ere horregatik utzi gaituzte kanpoan, ez dutelako inongo interesik benetan gertatu zena argitzeko.

Zaldibar Argitu eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen dugun eragileok Zaldibarko hondamendia argitzeko borrokan dihardugu, eta Zaldibarko kasuaren atal honetan edo ingurumen delituaren atalean, horretan jarraituko dugu.

Langileak, osasuna eta erantzukizunak ORAIN!

Utzi iruzkin bat