Albisteak Sailkatu gabea

Zaldibarren gertatutakoa argitzeko Karta Soziala Herri Akusazio gisa onartu dute

Gaurkoan jakinarazi nahi dugu, Zaldibarren hondamendia argitu eta erantzukizunak argitzeko Durangoko Lehen Instrukzio epaitegian irekita dauden bi auzibideetan Herri Akusazio gisa aurkeztu dela EH-ko eskubide sozialen Karta eta Zaldibar Argitu plataforma. Eta crowdfunding kanpaina bat abian jarri da ibilbide juridikoa diruz hornitzeko.

Ingurugiroaren aurkako delituagatik irekitako auzian onartuak izan gara, zuzenean jaso dugun autoaren bidez. Autoan agertzen den bezala, gaur gaurkoz, VERTER RECICLYNG 2002SL enpresa da ikertua izango den pertsona juridiko bakarra, baina bestelako erantzukizunak identifikatzen badira, etorkizunean modulatu ahalko da.

Era berean, jakin dugu auzia berriro ere bi kausatan banatu dela. Hori dela eta, bigarren kausan ere aurkezteko tramiteak burutu ditugu eta aurki onarpen autoa jasotzea espero dugu. Bigarren kausa honetan langileen aurkako delituak izango dira ikertua.

EH-ko eskubide sozialen Kartak eta Zaldibar Argitu plataformak herri interesen aldeko herri akusazioa eramango du aurrera, eskubide osoz modu aktiboan parte hartuz. Horretarako lan talde juridikoa osatu dugu eta lanean dago erantzukizunak, egia eta justizia argitzen lagunduko digun Herri akusazioa artikulatzen. Momentu egokia denean, argibide gehiago emango ditugu.

Diru bilketa herrikoia
Zaldibarko zabortegia amildu zela urtebete baino gehiago igaro da. Urte bete baino gehiago, zaborrezko munstroak Joaquin eta Alberto irentsi zituenetik. Iluntasunean amildu zen zabortegia, eta iluntasunak dirau gaur egun bertan. Ez da informazio gardenik eskaini, ez dira erantzukizunak argitu eta ez da egia zein justizia egiteko pausurik eman agintari publikoen aldetik. Iluntasunari argia emateko asmoz aurkeztu gara Herri Akusazio gisa Zaldibar Argitu plataforma eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta.

Herri Akusazioak, ordea, lan eskerga zein diru inbertsio handia suposatuko du eta beharrezkoa izango dugu herritarron laguntza ekonomikoa. Horretarako, itsulapikoa.eus plataforman diru bilketa herrikoia antolatu dugu, herritarron diru ekarpena hainbat opariren bidez eskertuz. Gure ahalegina izango da prozesu honetan zehar egia eta justizia argitzea, erantzukizunak argitzea. Zentzu horretan, herritarroi bidelagun izatera gonbidatzen zaituztegu, bakoitzak ahal duen ekarpena eginez: diru ekarpena egitea, diru bilketa zabaltzen laguntzea…

Informazio gehiago itsulapikoa.eus plataforman:
https://www.itsulapikoa.eus/eu/proiektuak/lagundu- argitzen

Diru ekarpena martxoaren 4ra arte egin daiteke; beraz, azken 20 egunak ditugu.

Erantzukizunak argitu – politika publikoaren lehentasunak aldatu

Zaldibarko hondamendian ukaezina da Verter Recycling enpresak duen erantzukizun zuzena. Erantzukizunak, ordea, ezin dira eremu pribatura mugatu, eremu instituzionalak gertatzen ari zenaren gaineko erantzukizun politikoa baitu.

Zabor kudeaketa pribatizatu eta kontrol publikorik ez edukitzeak, egungo zabor eredua negozio bilakatu du eta patronalak horretan ere aurkitu du mozkina langile klasearen zein naturaren bizkar.

Egoera tragiko horren aurrean, patronalak sustatzen duen eredua ez salatzeak, Administrazio publikoa bera konplize bilakatu du, egoera aldatzeko beharrezkoak diren zaintza, kontrol zein babes neurriak ez baititu hartzen, langileon bizitza zein osasuna bermatzeko edota zabor eredu iraunkor baterako trantsizioa egiteko.

Pasa den urteko urtarrilaren 30ean bizitza, lan eta pentsio duinak aldarrikatuz greba orokorra egin genuen, milaka herritar – herri honetako gehiengo soziala – mobilizatuz. Urte bete honetan zehar, osasun krisiarekin, aurretik zetorren krisi estrukturala azeleratu da, eremu ezberdinetako krisiak bisibilizatuz (zaintza, hezkuntza eredua, lan harremanak, osasungintza…).

2020Ko otsailaren 6ko gertakariak, eredu ekonomiko kapitalista ekozida hau iraunkorra ez dela, heriotza- sufrimendua besterik ez duela ekartzen eta pertsonen bizitzaren aurkakoa dela agerian utzi du. Zaldibarko zaborraren atzean dagoen zabor kudeaketari kiratsa dario. Eremu honetan ere, garaia da eredu berri bateranzko urratsak emateko, politikaren lehentasunak aldatzeko.

Utzi iruzkin bat