Aurreko albisteak

Bilboko kaleak hartu ditugu, eskubide sozialen defentsan

Eskubide sozialen aldeko aldarria atera dugu gaur kalera, Bilbon egin dugun manifestazioaren bitartez, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen dugun eragileok babestuta. Hain zuzen ere, milaka lagunek hartu dugu parte Jesusen Bihotzetik abiatutako mobilizazioan; Euskal Herriko ehunka erakundeko hainbat eta hainbat ordezkarik, tartean. Arriagako zubira iritsi da protesta, eta hainbat aldarrikapen zabaldu ditugu lau haizetara: Besteak beste, diru-sarrerak Bermatzeko Errentari eta Lanbidek kudeatutako gainontzeko prestazioei Lanbide-arteko Gutxieneko Soldatak izan duen %8ko igoera aplikatzea aldarrikatu dugu, baita 2017rako Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuan jasotako xedapen gehigarrian prestazio sozialen zenbatekoan ezartzen den %7ko murrizketa eraginik gabe uztea eskatu ere.

Manifestazioan sindikatuetako kideak bildu gara, esparru feministako gizarte erakundeetakoak, gazte mugimendukoak, pertsona migratzaileen aldekoak, ekologismoarenak, pentsionistenak, pobreziaren aurkakoak, gizarte bazterketaren kontrakoak, Sare Ekonomiko Alternatibo eta Solidariokoak… Hauen guztien aldarriak defendatzeko konpromisoa berretsi dugu, borroka soziala baita eskubideen defentsarako tresna, gizartearen mobilizazioaren eskutik. Manifestazioaren amaieran babes sozialerako euskal sistema duin eta kalitatezkoaren aldeko puzzlea osatu dute.