Albisteak

Karta Sozialak Nafarroako aurrekontuak errefusatu eta erreforma fiskal bat eskatzen ditu

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak mobilizazioa egin du Nafarroako Parlamentuaren aurrean, 2023ko aurrekontuek gizarteko behar sozialak asetzen ez dituztela salatzeko “Aurrekontu hauei ez! Frente al empobrecimiento, reforma fiscal” lemapean.

Eskubide Sozialen Karta hainbat gizarte-mugimenduk eta sindikatu ugarik osatzen dute. Gaur, Nafarroako Parlamentuaren aurrean salatu dute Nafarroako Gobernuak (PSN, Geroa Bai eta Podemosek ere) aurkeztutako eta EH Bilduk ezer gutxi aldatutako aurrekontuek ez dutela balio Nafarroako ia biztanle guztiek pairatzen duten pobretzeari aurre egiteko. Era berean, kritiko agertu dira alderdi politiko horiek adostutako neurri fiskalekin. Haien ustez, hauek erabat motz gelditzen dira funtsean langileen ahaleginarekin sortutako aberastasunaren banaketan aurrera egiteko.

Eskubide Sozialen Kartaren iritziz, alde batetik, banku eta inbertsio-funtsekiko zorraren ordainketak erabat baldintzatutako aurrekontuak dira. Gainera, murriztaileak dira, azken urteko inflazioa eta 2023rako aurreikusitako BPGa baino gutxiago hazten baitira. Eta, azkenik, ez dira gai zerbitzu publikoen beharrezko indartze eta hobekuntzei erantzuteko, hala nola, osasuna, menpekotasun arretaren publikazioa, etxebizitza eskuratzeko aukera, pentsio duinen bermea, etab.

Osasun publikoak itxaron-zerrenda zentzugabeak ditu, eta lehen mailako arreta kolapsatuta dago; gizarte-eskubideetarako aurrekontu publikoak multinazionalei ematen zaizkie, eta hirugarren adinekoen egoitzetako negozio pribatuaren burtsako inbertsioei; errenta bermatuak LGSa baino askoz txikiagoa izaten jarraitzen du, gutxieneko pentsioen osagarria ez da 1260 eurora arte jasotzen, Europako Gutun Sozialaren irizpideei jarraiki; hezkuntzako inbertsioa Europako mediatik urrun dago eta etxebizitza, eskubidea baino, espekulaziorako ogasuna izaten jarraitzen du, besteak beste.

Horrekin batera, Eskubide Sozialen Kartak uste du adostutako neurri fiskalak ez direla nahikoak. Eskubide Sozialen Kartaren iritziz, beharrezkoa da zerga erreforma bat egitea, diru sarrerak gehien duenaren kontura handitzeko. Bi legegintzaldi igaro dira UPN Nafarroako Gobernutik atera zenetik, eta ia ez dira ukitu enpresen eta kapitalaren pribilegio fiskalak. Beharrezkoa da ezkerreko indarrek Nafarroan dagoen fiskalitate bidegabea aldatzeko benetako konpromisoa hartzea.

Horregatik, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak, Nafarroako Gobernuak 2023. urterako aurkeztutako aurrekontuak errefusatzen ditu. Argi dugu mobilizazioa beharrezkoa dela erreforma fiskal sakonaren eskakizuna indartzeko, gehien dutenek gehiago ordain dezaten. Jasotakoa sistema kapitalistaren eta gobernu-politiken ondorioz sortutako gizarte-desberdintasuna murrizteko erabiltzea aldarrikatzen dugu.

Utzi iruzkin bat