Aurreko albisteak

Martxoaren 22an GREABA irakaskuntzan

Sentitzen dugu, baina sarrera hau %LANG-z:, : eta % bakarrik dago.

Lan-baldintzak hobetu, hezkuntza eraiki!
“pertsona guztiek dute hezkuntza publiko, euskaldun, plural, laiko eta doakoa
eskuratzeko eskubidea, aniztasuna integratuko duena eta berdinzalea izango dena
generoaren ikuspuntutik (hezkidetza), ikuspegi kritikoa eta elkartasun internazionalista
sustatuko dituena, hezkuntzaren etapa guztietan, bai derrigorrezkoetan eta bai
derrigorrezkoak ez direnetan.
Hezkuntza sistema propioa izango da eta euskal curriculum deritzana garatuko du.
Zeharkako eran, hezkuntza emozionala ere hartuko du barne eta pertsonen jarduera
kritiko eta sortzaileak bultzatuko ditu.
Euskararen ezagutza eta erabilera bermatu behar zaizkie ikasle guztiei.
Euskalduntzerako eskubidea bizitza osoko eskubide bat da”

Honela dio Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak. Azken urteotan aldiz, Iruñea eta
Gasteizko gobernuek ezarritako murrizketek, hezkuntza inbertsio erabat eskasek eta
inposaturiko hezkuntza erreforma basatiek guztiz kontrako norantzan kokatu gaituzte.
Ondorioz, EAEn eta Nafarroan behar dugun hezkuntza sistemaren bidean eman
beharreko urratsen egoera oro har eta gaur egungo hezkuntza publikoarena, modu
berezian, larria da. Sindikatuok ezinbestekotzat jotzen dugu egoera honi buelta eman
eta gure hezkuntza sistemaren garapena eta eraikuntza sendotzea.
Proposatzen dugun hezkuntza sistema berri horren bidean nahitaezkoa da hezkuntza
publikoan negoziazio kolektibo eskubidea berreskuratu eta lan-baldintzak nabarmen
hobetzea. Azken urteetako murrizketen ondorioei aurre egiteko ondorengo neurriak
exijitzen dizkiegu gure gobernuei:
• EAEko hezkuntza publikoko plantilak gutxienez 2.000 langiletan handitu behar
dira kolektibo ezberdinetan eta Nafarroan 900 langiletan.
• Bataz-beste ia %40ko behin-behinekotasuna (%38 irakasleetan, %57
Haurreskoletan, %58 Heziketa Berezian eta %63 Sukalde eta Garbiketan), %6ra
murriztu behar da, Nafarroan 1.800 lanposturik gora egonkortuz eta EAEn
6.000tik gora kolektibo ezberdinetan.
• Gelako ikasle kopurua %10 murriztu behar da.
• Hezkuntzako langileen eroste ahalmena berreskuratu behar da.
• Ordezkapenak lehen egunetik egitea premiazkoa da.
• Bajak bere osotasunean ordaindu behar dira, gaixotzen diren langileak
zigortzeari utziz.
• Erretiroa erraztu eta laguntzeko neurriak berreskuratu behar dira.
Adierazitakoari erantzuteko eta gure herrian hezkuntzaren garapen eta eraikuntza
bermatzeko ezinbestekoa da erabat eskasa den hezkuntza inbertsio publikoa (BPGren
%3,1 Nafarroan eta %3,5 EAEn) handitzea, EHko Karta Sozialean jasotako hezkuntza
publikoaren norabidean urratsak ematea ahalbidetzeko gutxienez Europako batazbestekora
parekatuz eta progresiboki BPGren %6ra iritsiz. Hezkuntza berdintasuna,
justizia soziala, integrazio eta gizarte kohesioa bermatzeko oinarrizko tresna da.
Horretarako ezinbestekoa da hezkuntza behar bereziei modu egokian aurre egiteko
baliabideak gehitu eta bermatzea.
Honekin batera ezinbestekoa deritzogu gure hezkuntza sistema txikitzen, erabat
mugatzen eta desarautzen duen LOMCE Euskal Herriko gure ikastetxeetatik ateratzea
eta EAEn honen moldaketa hutsa den Heziberri bertan behera uztea. Balizko
Hezkuntza Legeen aurrean langileon ordezkariok zer esana badugu, hezkuntza
eragile garen aldetik. Honen inguruan beharrezko ikusten dugu herri hausnarketa
ariketa bat egitea herri mailako eragile guztien parte-hartzea bermatuz.
Hezkuntzaren merkantilizazioa alde batera uztea eskatzen dugu, egungo desorekak
gaindituz hezkuntza garapen pertsonal eta sozial integralerako tresna izan dadin,
kohesio soziala eta integrazioa bultzatuz, aniztasuna, berdintasuna eta hezkidetza
oinarri.
Euskararen ezagutza nahikoa bermatzen ez duten politika eta hezkuntza ereduak
gainditu eta tokian tokiko errealitatera egokituz ikasle euskaldun eleaniztunak sortuko
dituen euskarazko murgiltze eredua garatu behar da.
ELA, LAB eta STEILAS sindikatuoi egungo egoera guztiz onartezina egiten zaigu. Hori
dela eta, sindikatuok gainerako hezkuntza eta gizarte eragileekin elkarlanean
mobilizazio fase bat garatu nahi dugu Iruñea eta Gasteizko gobernuei orain arteko
politikak alde batera utzi eta aurrez adierazitako puntuak ardatz izango dituen
hezkuntza politika gara dezaten eskatzeko.
EAEn martxoaren 22an greba deitzen dugu unibertsitatez kanpoko hezkuntza
publikoan eta gobernuak adierazitako bidean pausorik ematen ez badu hurrengo
hilabeteetan greba eta mobilizazio dinamika areagotuko dugu.
Nafarroan ere, momentu honetan gobernuarekin irekita dagoen negoziazio prozesuak
adierazitako bidean pauso esanguratsurik bermatzen ez duen heinean mobilizaziora
joko dugu.