Albisteak

“Publikoa eta funtsezkoa zaintzeko, aberastasuna banatu behar da”

Ekainaren 19an lau hiriburuetan eta hainbat herrietan mobilizazioak deitzen ditu Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, zazpi alorretarako neurri zehatzak aldarrikatzeko.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak (sindikatu eta eragile askotako plataforma) ekainaren 19ko mobilizazio anitzak deitu ditu, “Publikoa eta funtsezkoa zaindu, aberastasuna banatuz. Lehenik bizitza!” lelopean. Mobilizazio hauek lau hiriburuetan (Bilbo, Iruña, Donostia eta Gasteiz) goizean eta arratsaldean izango dira, eta beste herri askotan ere arratsaldean antolatuko dira.

Donostian eta Iruñean egindako agerraldietan, Karta Sozialaren aldarrikapenak azaldu dituzte. Hauexek dira, hain justu, proposatu diren zazpi alorretarako neurriak:

1- Zerbitzu publikoak garatu. Zaintza lanen (zahar egoitza, eguneko zentro, aniztasun funtzionala duten pertsonentzat egoitza-elkate, adin-txikikoen bizileku eta etxez etxeko zerbitzuak), osasungintza publikorako lanean ari diren zerbitzuen, administrazio publikoek (hezkuntza publikoa, osasungintza…) azpikontrataturiko zerbitzuen (garbiketako, hezkuntzako monitoreak, jantokietako langile-hezitzaileak…) eta anbulantzia zerbitzuen berehalako publifikazioa langile guztien subrogazioa eta finkatzeko salbuespenezko prozedura bat bermatuz. Esparru hauetatako lan baldintzak langile publikoaren lan baldintzekin parekatzea.

2- Zaintza eredua aldatu eta jaiotzatik heriotzara zaintza bermatuko duen kalitatezko zaintza sistema publiko, unibertsal eta doakoa bermatzeko administrazioek 10.000 lanpostu sortzea.

3- Pobrezia eta bazterketa sozialaren kontrako HELean planteaturiko neurriak: DSBEa eta EBa gutxieneko soldataren %100a eta etxebizitza eskubidea.

4- 1080 eurotako gutxieneko dirusarrera erretiroa hartua duten pertsonentzat.

5- 1200 euroko gutxieneko soldata/35 orduko gehienezko lanaldia.

6- Fiskalitate berria: Proposamen honek suposatzen duen gastu igoera guztia eta testuinguru honetan sortuko den zor publiko guztia errenta altu, kapital-errenta eta enpresen irabazien gaineko zergen kontura izatea.

7- Administrazio-egoera irregularrean eta ezkutuko ekonomian lanean ari diren pertsona guztien erregularizazioa.

Goizeko mobilizazioak:

BILBO: 11:30etan Udaletxean.
IRUÑA: 11:30etan Autobus Geltokian, Osasunbidea parean.
DONOSTIA: 11:30etan Alderdi Ederren.
GASTEIZ: 11:30etan Foru Plazan.

Arratsaldeko mobilizazioak hiriburuetan:
BILBO: 19:30etan Moyuan.
IRUÑA: 19etan Gaztelu plazan.
DONOSTIA: 18:30etan Bulebarrean.
GASTEIZ: 18.30etan tren geltokitik (Dato kalea).


E19KaleraAtera kartel mutua

E19KaleraAtera kartel orokorra

E19 IRIZPIDE GIDA EUSKARAZ

E19 IRIZPIDE GIDA GAZTELANIAZ

Utzi iruzkin bat