Albisteak

Kartak krisiari irtenbide justu baterako 7 proposamenekiko konpromezua eskatu die EAEko hauteskundeetara aurkezten diren alderdiei

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak (EHESK) uztailaren 12an hauteskundeetara aurkezten diren hautagai guztiei bilera eskaerak luzatu dizkie, bere aldarrikapenen inguruan eztabaidatu eta konpromezuak eskatzeko. Bilerak EAJ, EHBildu eta Elkarrekin Podemosekin aste honetan gauzatu dira.

Bilera hauen balorazioari dagokionez, lehenik eta behin PSE eta PPren jarrera guztiz arbuiagarria dela salatu du Eskubide Sozialen Kartak. Politika publikoen kudeaketa helburu duten bi alderdi hauek gehiengo sindikal eta sozialaren ordezkaritzarekin biltzeari uko egitea ez da onargarria.

EAJri dagokionean, bilera urtarrilaren 30eko Greba Orokorraren testuinguruan Lehendakariak Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako ordezkariekin ez biltzeko emandako argudioak berresteko izan dela salatu du Kartak. Gobernuko alderdi nagusi gisa ez dute inolako autokritikarik egin, egun dugun sistema osasun krisiari aurre egiteko egokia izan dela adierazi dute, eta argi utzi dute ez dutela orain arteko politiken norabidea aldatzeko beharrik ikusten.

EHBilduko hautagaia den Maddalen Iriartek eta Elkarrekin Podemoseko ordezkariek begi onez ikusi dituzte luzaturiko proposamenak, hauetariko asko beraien programan jasota daudela adierazi dute eta hauek aurrera eramateko neurriak martxan jartzeko ahalegina egiteko konpromezua adierazi dute.

Gobernu berria osatzen denean Karta Soziala adi egongo da aplikatzen diren politikak ze bide hartzen duten orain arteko politika neoliberaletan sakontzeko arriskuaren aurrean, baita aste honetan hartutako konpromezuak aurrera eraman daitezen, eta proposaturiko ildotik aldaketarik ezean, irailetik aurrera oinarrizko aldarrikapen hauen eta beste batzuen bueltan lanean eta mobilizatzen jarraituko du.

Bizi garen sistema kapitalista, heteropatriarkal, arrazista eta ekozida gaixorik dago. Covid-19aren krisiak oraindik ere ageriago utzi du Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartatik aspalditik salatzen dugun krisi sistemikoa (ekonomikoa, soziala, zaintzena, ekologikoa…) eta beharrezko eraldaketa soziala.

Horregatik gauzatu zen urtarrilaren 30eko Greba Orokorra, lan, pentsio eta bizitza duinen alde, kapitala eta bizitzaren gatazka horretan bizitzak eta zaintzak erdigunean kokatzeko aldarriarekin. Grebaren arrakastak argi utzi zuen, alde batetik, eraldaketa sozialaren alde dauden eragileon elkarlanak daukan potentziala, eta bestetik, gehiengo sozial baten eraldaketarako egarria.

Covid-19ak orduan salatzen eta aldarrikatzen ziren hainbat elementu oraindik ere ikusgarriago egin ditu: osasuna eta bizitzak kapitalaren gainetik jartzearen beharra, sektore publiko eta babes sistema sendo baten garrantzia, bizitzaren sostengagarritasunerako funtsezkoak diren lanak zeintzuk diren (zaintzak, osasungintza, garbikuntza, elikadura…) baita lan hauek gehienbat emakumeek (askotan arrazializatuak) baldintza prekarioetan egiten dituztela ere…

Testuinguru honetan EHESK osatzen duten eragile sozial eta sindikalek lanean jarraitu dute, krisi honi gehiengo sozialaren beharrei erantzungo dien irteera justu baterako proposamenak mahai gainean jarriz eta hauen alde mobilizatuz. Horren adibide garbia da pasa den ekainaren 19an “Publikoa, funtsezkoa zaindu aberastasuna banatuz. Lehenik bizitza!” lemapean Euskal Herrian zehar egin ziren mobilizazio arrakastatsuak, zazpi ardatzen bueltan:

• Zerbitzu publikoak garatu. Zaintza lanen (zahar egoitza, eguneko zentro, aniztasun funtzionala duten pertsonentzat egoitza-elkate, adin-txikikoen bizileku eta etxez etxeko zerbitzuak), osasungintza publikorako lanean ari diren zerbitzuen, administrazio publikoek (hezkuntza publikoa, osasungintza…) azpikontrataturiko zerbitzuen (garbiketako, hezkuntzako monitoreak, jantokietako langile-hezitzaileak…) eta anbulantzia zerbitzuen berehalako publifikazioa langile guztien subrogazioa eta finkatzeko salbuespenezko prozedura bat bermatuz. Esparru hauetatako lan baldintzak langile publikoaren lan baldintzekin parekatzea.

• Zaintza eredua aldatu eta jaiotzatik heriotzara zaintza bermatuko duen kalitatezko zaintza sistema publiko, unibertsal eta doakoa bermatzeko administrazioek 10.000 lanpostu sortzea.

• Pobrezia eta bazterketa sozialaren kontrako HELean planteaturiko neurriak: DSBEa eta EBa gutxieneko soldataren %100a eta etxebizitza eskubidea.

• 1.080 eurotako gutxieneko dirusarrera erretiroa hartua duten pertsonentzat.

• 1.200 euroko gutxieneko soldata/35 orduko gehienezko lanaldia.

• Proposamen honek suposatzen duen gastu igoera guztia eta testuinguru honetan sortuko den zor publiko guztia errenta altu, kapital-errenta eta enpresen irabazien gaineko zergen kontura izatea.

• Administrazio-egoera irregularrean eta ezkutuko ekonomian lanean ari diren pertsona guztien erregularizazioa.

Utzi iruzkin bat