Albisteak

Aurrekontu sozial, parte hartzaile eta burujabeak orain!

Pasa den igandean, milaka pertsona atera ziren kalera Bilbo, Donostia eta Gasteizen, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak egindako deialdiari erantzunez, Jaurlaritzari aurrekontu sozial, parte hartzaile eta burujabeak eskatzeko. Azaroan Nafarroan mobilizatu ondoren, EAEn abiatutako dinamika mobilizatzailearen azken mugarria izan da, Jaurlaritzak EAEko aurrekontu-proiektua aurkeztu bezperetan.

Osasun krisiak lehendik zetorren sistemak ez duela funtzionatzen argi eta argi utzi du, estrukturala eta askotarikoa zen krisiak azeleratuz/bizkortuz: zaintza krisia, lan harremanen krisia, garapen ereduaren krisia, babes sozialaren krisia… Horregatik, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak normalitate berria aldarrikatzen du, herritar guztion eskubideak bermatuko dituen eredu berri bat. Gobernuek osasun krisiari erantzuteko hartzen ari diren neurrien oinarrian, funtzionatzen ez duen sistemaren esentzia dago. Beraz, aurretik zeuden gabeziak konpondu ez eta errepikatuko dira, larrialdi testuinguru honetan herritarrak babes gabe utziz.

Herritarron bizitza eta beharrak erdigunean jartzen dituen lehentasunezko 7 aldarrikapen mahai gaineratu dira mobilizazio ezberdinetan. Ekimen herritar honen ustez, urgentea da EAE zein Nafarroako aurrekontuek lehentasuna hauek bermatzeko diru partida zehatzak, prozesuak edota errekurtsoak aurreikustea.

EAE-ko Gobernuak abenduaren 17an Parlamentura bidaliko du aurrekontu proiektua. Iragartzen dutena da, oraindik zehaztuta ez badago ere, 2021eko aurrekontuak 2020koaren oso antzekoak izango direla. Hau da, aurrekontu kontinuistak izango direla, ezer gertatu ez balitz bezala. Aurrekontu hauek ez diote erantzungo herritarrontzat lehentasunezkoak diren beharrei: ez dituzte zerbitzu publikoak garatuko, ez dute babes soziala indartuko, ez dute kalitatezko enplegua bermatuko eta ez dute zaintza sistema publiko baterako urratsik emango.

Utzi iruzkin bat