Albisteak

Eraldaketa ekosozialaren aldeko mobilizazio indartsu bat prestatzen ari da Euskal Herriko Karta Soziala udaberrirako

Euskal Herriko Karta Sozialak eraldaketa ekosozialaren alde udaberrian mobilizazio indartsu eta bateraturako proposamena egin die Su txikien itsasoa deituriko topaketetan parte hartu zuten eragile eta mugimenduei.

Urtarrilaren 18an asanblada nazional deszentralizatua egin genuen Bilbo, Gasteiz, Donotia eta Iruñean. Eragile sozial eta sindikal ugaritako 60 kidetik gora elkartu ginen, ezinbestekoa den eraldaketa ekosoziala elkarrekin sustatzeko hurrengo urratsak eztabaidatu asmoz. Hain zuzen ere, irailaren 30ean Su Txikien Itsasoa lemapean Ozaetako GaraiOn Sorgingunean egindako topaketen ondorioei tiraka egin dugu eztabaida.

Topaketa hartan bi izan ziren ondorio nagusiak. Alde batetik, asko garela eraldaketaren eta eskubide sozialen defentsaren su txikiak pizteko borrokan gabiltzanak eta guztiak garela ezinbestekoak; izan ere, pertsona guztientzat bizitza bizigarriak lortzeko beharrezko eraldaketak, ertz ugari ditu. Bestetik, norabide aldaketa hori bultzatzeko, elkarrekin aritzeak indarrak biderkatu ditzakeela eta su txiki horiek eraldaketa ekosozialerako itsaso bihurtu.

Gauzak horrela, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartatik maiatzean elkarrekin antolaturiko mobilizazio indartsu bat mugarri izango lukeen dinamika zabal bat proposatu diegu Euskal Herriko eragile eta mugimendu sozialei. Kartatik abiatzen den proposamen hau eraldaketa ekosozialaren alde borrokan ari diren eragile, mugimendu eta herritarri eskainitako tresna izan nahi du, bakoitzak bere borrokan erabili dezan eta udaberrian borroken arteko konfluentzia mobilizazioa eraiki dezagun.

Izan ere egungo eredua ez da justua eta ez ditu bizitza bizigarriak eraikitzeko aukerarik eskaintzen, planetaren suntsipena dakarren bitartean. Horren aurrean, eraldaketa sistemikoan sinisten dugu guk: planetaren mugak errespetatuz pertsona guztiontzat bizitza duinak eraikitzeko balio duen eredu batera bidea egitea. Bide honek eskatzen duen norabide aldaketa sakona gizarte aktibazioaren bidez garatu behar da, ez bada elite politiko-ekonomikoek gidaturikoa izango.

Komunean duguna azpimarratuz elkarrekin eragiteko eta maiatzean elkarrekin mobilizatzeko proposamena egitea begi onez ikusi da asanblada nazional deszentralizatuan. Horrela, Su Txikien Itsasoan trantsiziorako adosturiko zazpi ardatz komunen baitan datozen hilabetetarako elkarlan, ekimen eta mobilizazio dinamika sustatuko dugu Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartatik.

Utzi iruzkin bat