Albisteak

Pobreziaren kriminalizazioari ez, DSBE lege eta araudi honi ez

EHko Eskubide Sozialen Kartak salatzen du 173/2023 Dekretua, DSBE arautzen duena, beste urrats bat dela pobreziaren kriminalizazioan, eta modu onartezinean mugatzen duela kolektibo ahulenek etxebizitza eskubidea, beraz, bat egiten du otsailaren 24an 12:00etan Bilboko Moyua plazatik deitutako mobilizazioarekin.

Pasa den martxoaren 29an, DSBEren Lege berria indarrean sartu zen, 2008tik indarrean zegoenaren ordez. Orduan, EHko Eskubide Sozialen Karta Eusko Legebiltzarraren aurrean mobilizatu zen, pobreziaren kriminalizazioa bultzatzen zuela salatzeko, eta behingoz pobreziarekin amaituko zuen lege bat aldarrikatzeko.

Legeak zehapen eta kontrol sistema berriak ezartzen zituela salatu genuen, Lanbideko ikuskatzaileen kidego berri bat sortuz. Neurri hori guztiz ulertezina da DSBE jasotzen duten pertsonen arteko iruzurra %0,7tik beherakoa denean. Lege berriak gizarte prestazioak kobratzeko eskubidea duten pertsona pobreen kriminalizazioa eta estigmatizazioa baino ez du bilatzen.

Gainera, salatzen genuen ez zuela ezabatzen Eusko Jaurlaritzak 2012an aurrekontuen bidez ezarri zuen DSBEaren zenbatekoen %7ko murrizketa. Zenbatekoak kalkulatzeko eredua ere aldatu zen, kasu guztietan txikiagoak baitira 2008ko legea aplikatzetik datozenak baino, LGS-rekin inongo loturarik gabe.

Era berean Eusko Jaurlaritzak saltzen zituen hobekuntza guztiak ez zirela egiazkoak salatu genuen Kartatik, pobreziarekin amaitzeko pentsatuta ez daudela eta lege honek letra txikia duela, DSBEa eskuratzea zailtzen duten betekizunak ugariak baitira.

Bada, DSBE arautzen duen 173/2023 Dekretuaren bidez Legea garatuz gero, letra txiki horretako asko aurkituko ditugu. Zehazki, 2. artikuluan, DSBE jasotzeko eskubidea izan nahi duten pertsonek bizi behar duten bizilekuen karakterizazioa ezartzen da, eta horrek zailtasun handiak eragingo dizkie egoera oso ahulean dauden pertsonei, horrek etxebizitza partekatzera behartzen ditu.

Bestalde, araudi berria apirilean indarrean sartuko denean, Etxebizitzako Gastuetarako Prestazio Osagarriaren (EGPO), alokairu-gastuak ordaintzeko den prestazioaren desagertuko da eta bere ordez, EPEa (Etxebizitzarako Prestazio Ekonomikoa) sartuko da indarrean, Etxebizitza Sailak kudeatuko duena, eta EGPOak orain arte diru-sarrerarik ez zuten pertsonei, DSBE jasotzen zutenei eta alokairuan edo logelen azpierrentan bizi zirenei ematen zien estaldurarik gabe utziko du.

EAJren, PSEren eta Elkarrekin Podemosen aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin atera zen aurrera Legea, nahiz eta gizartearen gaitzespen zabala eragin. EHko Eskubide Sozialen Kartak salatu zuen egungo egoeran gizartearen zati handi batean pobretzea areagotzen ari dela eta politika publikoen norabidea aldatzea eskatzen du berriro, egoera horri errotik heltzeko eta bizi baldintza duinen alde egiteko.

EHko Eskubide Sozialen Kartak pobreak kriminalizatzea baino bilatzen ez duten neurriak bertan behera uztea eskatzen du eta pobreziarekin behingoz amaituko duen lege bat aldarrikatzen du. Borondate politiko kontua izanik, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak jarraituko du pertsona guztientzako bizitza duina bermatzeko presioa egiten, horretarako beharrezkoak diren mobilizazioak babestuz, hala nola otsailaren 24an, larunbatean, Bilbon, hainbat gizarte-eragilek deitutakoa.

¡NO A LOS NUEVOS RECORTES EN PRESTACIONES SOCIALES! KRIMINALIZAZIORI ETA POBRETZEARI AURRE EGIN!

Utzi iruzkin bat