Albisteak

EHko Eskubide Sozialen Kartak mobilizazioa deitu du uztailaren 5erako DSBEren lege erreformaren proiektua geldiarazteko

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak mobilizazioa deitu du uztailaren 5erako, Bilbon, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) lege erreformaren proiektua geldiarazteko, proiektu horrek egun aplikatzen diren murrizketak kontsolidatuko dituelako. Mobilizazioa Eusko Jaurlaritzaren aurrean hasiko da, Bilbon, 11:30ean. Honako hauek dira aldarrikapen nagusiak: proiektua bertan behera uztea; 2008ko legearekiko aplikatzen ari diren murrizketak bertan behera uztea; Karta Sozialaren Pobrezia eta Bazterketa Sozialaren aurkako Herri Ekimen Legegilean jasotzen ziren neurriak onartzea, eta talde parlamentarioek neurri horiek defendatzea; eta babes sitemaren inguruko benetako eztabaida sozial eta parte hartzailea irekitzea.

Jaurlaritzak aurrera atera nahi duen erreforma horrek dagoeneko aplikatzen diren murrizketak kontsolidatu besterik ez du egingo. Hala adierazi zuten, ekainaren 13an, astelehenean, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak Legebiltzarrean egin zuen agerraldian. Bertan, Jaurlaritzak planteatzen duen Diru Sarrerak Bermatzen dituen Errentaren inguruko proiektua salatu eta aldarrikapenak plazaratu zituzten. Honako hauek dira aldarrikapen nagusiak:

⦁ Proiektua bertan behera uztea, 2008ko legeak ezartzen dituen prestazioaren zenbatekoak berehala aplikatzea eta legea hobetzeko prozesua zabaltzea eskatu du Kartak.
⦁ Kartaren ustez, Eusko Jaurlaritza propaganda hutsa egiten ari da DSBEren gaiarekin, atzerakada baita 2008ko legearekin alderatuta, zeina ez den betetzen 2012tik.
⦁ Gainera, ohikoa duen moduan, eragile sozial eta sindikalen parte hartzea eta ekarpenak egiteko aukera erreala mugatzen ari da, prozesua modu azkarrean eginez.
⦁ Pentsioduna ez den pertsona batek 2022an 727,41 euro kobratzen ditu. Aldiz, 2008ko legearekin, 1.026€ kobratuko lituzke. Lege proiektuak 2023rako DSBEa 737,44 eurotan ezartzen du, 2022an baino zerbait gehiago, baina ez du estaltzen DSBEk aurten izango duen erosahalmenaren galera.
⦁ Bi urteetan etxebizitzako prestazio osagarria desagertzearen planteamendua salatzen dugu.
⦁ Kriminalizazio neurriak ere bertan behera gelditu beharko lirateke, horrek bakarrik eskuin muturraren diskurtsoa eta xenofobia elikatzen baititu.
⦁ Eusko Jaurlaritzaren Pobreziaren eta Gizarte Ezberdintasun Inkestak honela dio: pobrezia arriskuan dauden 100 pertsonatik prestazio sistemak 30 pertsona pobreziatik kanpo uzten ditu, 37 pertsona babesa dute, baina ez die uzten pobreziatik ateratzen, eta geratzen den % 33 soilik ateratzen da pobrezia egoeratik. Beraz, sistema ez da nahikoa, eta nabarmen hobetu beharra dago.
⦁ Beraz, egungo pobrezia egoera kronifikatu eta jasangarri egiten duen eredua baino, benetako eztabaida herritar guztiok modu duinean bizitzeko beharrezkoa dugun babes sistema eraikitzeko borondatean dago eztabaida. Diru sarrerak bermatzeko sistemaren eztabaida marko orokor horren baitan kokatu behar da.
⦁ Kartak gogoratu nahi du pobreziaren eta gizarte bazterketaren aurkako HELa planteatu zela, 51.000 sinadura baino gehiagoren babesarekin eta hura eztabaidatzeko tramiterako aukera ere ez zela eman.

Utzi iruzkin bat