Albisteak

Ez dugu ahaztuko

Finantzen gehiegikeriek eragin zuten 2008ko krisia, ados ginen guztiok. “Kapitalismoa birfundatu behar da” esan zuen Sarkozyk; aho batez errepikatzen zen mugak jarri behar zitzaizkiela burtsetako marrazoei; New Deal berri bat zetorrela zirudien… Baina, “gure ahalmenen gainetik bizi izan gara” atera zuten txisteratik eta, neurri zorrotzen bitartez, finantzen boterea areagotu egin zuten herritarren lepotik.

Gobernuek gure bizitzan eragiten diguten gaiei buruz zer nolako erabakiak hartzen dituzten argi ikusi genuen orduko hartan.

2011ko M15ean Espainiar Estatuan plazak bete ziren eslogan eta esaldi berriekin, baina berandu zen: markoa ezarrita zegoen eta neurriak hartzen ari ziren jada. Hura erantzun bat izan zen, Lakoffen Ez ezazu elefante batean pentsatu modukoa.

Krisialdiaren irteeran zein logika gailenduko zegoen jokoan, kapitalismoaren logika ala jendarte sektore zabalen eskubideen defentsa. Arriskuak eta aukerak. Larrialdi sozial eta nazionaleko egoera hartan, Euskal Herrian Eskubide Sozialen Gutunaren sorrerarekin batera, oinarrizko eskubide ekonomiko eta sozialen aldeko borroka abiatu genuen, euskal jendarteko kide guztiak bizi-baldintza duinak izatera iritsi eta beren erabakiak har ditzaten.

Orain ere Financial Times-ek dio erreforma erradikalak behar direla, gobernuek ekonomian esku hartu behar dutela, zerbitzu publikoak indartu behar direla, aberastasunaren banaketaz hitz egin behar dela… Hitzak, osasun krisi betean begibistakoa dena beltza zuri gainean jarrita. Gauza asko utzi baititu agerian COVID-19ak eragindako osasun krisiak, besteren artean, krisi sistemiko eta globala dela oraingo honetan ere bizi duguna.

Ez dugu nahi, ordea, 2008ko krisian gertatu zena errepikatzea. Hori dela eta orain hain modu gardenean ikusten ditugun ikasgai hauek guztiak bildu nahi ditugu, krisi sanitarioa amaitzean ez ditzagun ahaztu eta geure alde erabil ditzagun.

Guztiok ikusi eta ikasi ditugu gauzak krisi honetan. Parteka ditzagun twitter bidez #EzDuguAhaztuko traola erabiliz.

Denon artean ahalik eta bilduma osatuena egin dezagun, berriro ere, zorraren zamaren aitzakian, murrizketak ezarri nahi dizkigutenean, erreminta bat gehiago izan dezagun bizitzaren aldeko borrokan.

Utzi iruzkin bat