Albisteak

Nafarroa Berraktibatu? Gobernuaren ohiturak eta politikak aldatu gabe, ezinezkoa

Nafarroako hainbat gizarte-eragilek eta sindikatuk gure gizartean pertsona guztiak eta haien eskubideekiko errespetua benetan erakundeen politiken helburu izan daitezen ezinbestekoak diren neurri ugari biltzen dituen dokumentu bat egin dugu. Hilabete hauetan ezohiko neurriak direla eta bizi izan duguna eta Nafarroako Gobernuak egiten duen irakurketa oso desberdinak dira.

Gobernuak Berraktibatu Nafarroa Plana egiteko aurkeztutako dokumentuari dagokionez, ondorengoa deritzogu:

Orain arte Gobernuak hartutako neurrien errepasoa egiten da modu autokonplazientean, egindako helburu eta ekintzak zehaztu gabe. Hartutako neurriak Nafarroan pertsona guztiok konfinamendu “duin” bat igarotzeko behar diren neurriak bermatzeko nahikoak izan diren baloratu gabe. Guk badakigu ez dela horrela izan. Hilabete hauetan egindako baterako hausnarketa-prozesuan, kontuan hartu ez diren oinarrizko premien kasu asko hauteman ditugu.

Prozesu “parte-hartzaile” bat proposatzen du, non “guztiok” utzi ahal izango ditugun gogoetak eta ideiak. Hitz onak, baina konpromisorik ez da hartzen.

Eskubide Sozialen Kartan antolatutako hainbat eragilek, eta Kartatik kanpo dauden eta euren ekarpenak egin dituzten beste hainbat eragilek, larrialdi-neurrietan antzemandako gabeziak eta aldarrikapen amankomunak laburbiltzen dituen dokumentu bat egin dugu.

Besteak beste, aldarrikatzen dugunga zerbitzu publiko unibertsalak, doakoak eta kalitatezkoak izatea, egoera prekarioenean dauden kolektiboei bermeak emango dizkietenak; Oinarrizko Eskubideak babestea; zainketak aitortu eta banatzea; indarkeria matxistari aurre egitea; kalitatezko lanpostuak bermatzea; informaziorako eskubidea bermatzea; ekonomia eraldatzaileko sareak eta pertsonak eta natura errespetatzen dituzten herri-proiektuak eta proiektu komunitarioak bultzatzea, eta baita gure eskubide eta askatasun guztiak bermatzea ere.

Lanaren, pentsioen eta bizitza duinaren aldeko Greba orokor batetik gatoz, eta bide horretan jarraitzen dugu. Aurkezten dugun dokumentua bizirik dagoen dokumentu bat da, eta aldatu egingo da premia berriak detektatzen ditugun edo erakundeek neurri berriak ezartzen dituzten heinean. Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eskatzen diogu edukiak kontuan hartzeko eta horietan oinarritutako neurri zehatzak aplikatzeko, bai eta benetako partaidetzarako espazioak sortzeko ere, horietan gizarte-mugimenduen ahotsa kontuan hartzeko.

Azkenik, gure hurrengo ekimenaren berri eman nahi dugu: maiatzaren 29an, goizeko 11:00etan, BIZImartxa bat egingo dugu, autobus geltokitik abiatuta, gaur aurkeztutako edukiekin lotutako hainbat puntu zeharkatuko dituena.

“Jendarterako Plana. Bizitzak erdigunean”

Utzi iruzkin bat