Albisteak

Probreziaren kriminalizazioari ez, lege honi ez

EH Eskubide Sozialen Kartak Eusko Legebiltzarrean egindako elkarretaratzean salatu du DSBE lege berriak pobreziaren kriminalizazioa bultzatzen duela eta pobreziarekin behingoz amaituko duen lege bat aldarrikatu du.

DSBEren Lege berria indarrean sartu da gaur, 2008tik indarrean zegoenaren ordez. Lege berri honek ez dakar inolako berritasunik probreziaren aurkako borrokan. Hainbat gai, ordea, kezkaz bizi ditu EH Eskubide Sozialen Gutunak; Legeak zehapen eta kontrol sistema berriak ezartzen ditu Lanbideko ikuskatzaileen kidego berri bat sortuz. Neurri hori guztiz ulertezina da DSBE jasotzen duten pertsonen arteko iruzurra % 0,7tik beherakoa denean. Gizarte prestazioak kobratzeko eskubidea duten pertsona pobreen kriminalizazioa eta estigmatizazioa baino ez du bilatzen.

Gainera, ez du ezabatzen Eusko Jaurlaritzak 2012an aurrekontuen bidez ezarri zuen DSBEaren zenbatekoen %7ko murrizketa. Zenbatekoak kalkulatzeko eredua ere aldatzen du, kasu guztietan txikiagoak baitira 2008ko legea aplikatzetik datozenak baino, LGS-rekin inongo loturarik gabe. Era berean Eusko Jaurlaritzak saltzen dituen hobekuntza guztiak salatzen du kartak. Pobreziarekin amaitzeko pentsatuta ez dagoen lege honek letra txikia du eta DSBEa eskuratzea zailtzen duten betekizunak ugariak dira.

EAJren, PSEren eta Elkarrekin Podemosen aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin atera da aurrera Legea, nahiz eta gizartearen gaitzespen zabala eragin. EHko Eskubide Sozialen Kartak salatu du egungo egoeran gizartearen parte handi batean pobretzea areagotzen ari dela eta politika publikoen norabidea aldatzea eskatzen du, egoera horri errotik heltzeko eta bizi baldintza duinen alde egiteko.

Pobreak kriminalizatzea baino bilatzen ez duten neurriak bertan behera uztea eskatzen du eta pobreziarekin behingoz amaituko duen lege bat aldarrikatu. Borondate politiko kontua izanik, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak jarraituko du pertsona guztientzako bizitza duina bermatzeko presioa egiten, gaur Eusko Legebiltzarraren aurrean egin den bezalako mobilizazioekin.

Utzi iruzkin bat